Bertsolari fina galdu du Mutrikuk
Roman Maiz, Okelar modura ezagunagoa, barikuan zendu zen. Bertsolari mutrikuarrak 87 urte zituen.Bertsolari bezala bere saio gehienak sagardotegi eta elkarteetan egin zituen, askotan Jon Azpillagarekin, baina baita ere Patxi Etxeberria, Jon Mugartegi, ...
Bertsolari bezala bere saio gehienak sagardotegi eta elkarteetan egin zituen, askotan Jon Azpillagarekin, baina baita ere Patxi Etxeberria, Jon Mugartegi, Nikolas Zendoia eta beste hainbatekin. Felix Ibargutxiren hitzetan, «bertsolaritza zaharreko azken maisu handietako bat zen».
2012an bere bertsogintzari buruzko liburua argitaratu zen. Lanaren sarreran zera zioen Pello Esnalek: «Izan ere bertsolari maitagarria bada, horixe da Roman Maiz, Okelar bertsolaria. Eta norbaiten bertsoek plazaratzea merezi badute Okelarren bertsoek merezi dute».
Mutrikurentzat eta herritarrentzat, orokorrean, galera handia izan da Okelarren heriotza. «Herri mailan oso pertsona maitatua zen. Udalarentzat, bertso eskolarekin batera, ohore bat izan da hainbat urtetan Okelar bertso sariketa antolatzea. Pertsona herrikoia eta apala zen. Bertsoak botatzerako tankeran ikusten zen zer moduko pertsona zen; beti modu goxoan abesten zuen, inori minik eman gabe», azaldu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.
Bertsolari eta pertsona fina zela nabarmendu dute Mutrikuko bertso eskolako kideek. «Adarra joko zizun, baina sekula ez zuen inongo hitz txarrik. Mutrikun egon diren beti-betiko bertsolariak Okelar anaiak izan dira. Romanek, esate baterako, baserriko hainbat esamolde erabiltzen zituen bere bertsoetan, oso ona zen horretan», adierazi du Xabi Astigarragak.
Zapatuan, esate baterako, auzoetan egin beharreko santa eskea bertan behera utzi zuten dolu modura. «Ikusita berak santa eskea martxan egotea nahiko lukela, bi taldetan banatuta, herrigunean abestu genituen koplak», gaineratu du Astigarragak.
Zapatuan egin zen hileta elizkizunean azken agurra eman nahi izan zioten Okelarri. Santa eskean ari zirenen artetik pasa zen hilkutxa, eta elizkizunean bere lagunek hainbat bertso eskaini zizkioten. Narbaizak hurrengoa eskani zion:
Eskuan makila bat
begirada horman,
Santa Eskerako beti
zeunden zu hor forman,
sakonean sakona ta
pikaroa broman,
herriak ondo daki
diodana nor dan,
egin duzunagatik
mila esker, Roman.
Meza ondoren, Gure Ametsa dantza taldeko bi dantzarik Agurra dantzatu zuten hilkutxaren aurrean, eta herriko lau koplarik santa eskeko agur koplak kantatu zituzten. Era berean, trikiti doinuak, koplak eta koruko kantuak entzun ziren Goiko Plazan.