Bermeo Futbol Taldeak ezin izan zion azken jardunaldietako bolada onari jarraipena eman, etxeko zaleen babesean. Bermeotarrak joko onagaz zeuden, eta Oiartzun nahiko makal zebilen aspaldian. Hala, Bermeok galtzea ezustekoa izan zen zaleentzat.
Norgehiagoka ondo hasi zen kostaldekoentzat. Josuek 11. minutuan aurreratu zituen etxekoak, erasoko jokaldi on baten ostean. Bazirudien neurketa erosoa izan behar zela Bermeorentzat, baina ez zen hala izan. Gola sartu ostean, taldeak ez zuen bere jokoa aurkitu, eta Oiartzun metroak irabazten hasi zen apurka-apurka. Santamariak, hala ere, bermeotarren bigarren gola sartzea lortu zuen, baina epaileak baliorik barik utzi zuen gola, jokoz kanpo zegoelako aurrelaria.
Bigarren zatian gipuzkoarrek presio handia egin zuten, eta geldikako jokaldietan arriskua sortzen hasi ziren. Zenbait aukera izan ostean, Oiartzunek berdinketaren gola sartu zuen 71. minutuan. Oraindik partida iarabazteko denbora zuen Bermeok, baina 76. minutuan Oiartzunek bigarren gola sartu zuen, 1-2 jarriz. Partida amaiera arte, neurketa oso trabatua izan zen, eta ez zen erasoko jokaldi garbirik izan.
Porrota jasota, Bermeo sailkapeneko 11. postuan da, 32 puntugaz. Bermeotarrek, baina, partida bat gutxiago jokatu dute.