Elurte handienagaz esnatuz
Iragarpenek hala zioten, eta, azkenean ere, gertatu egin da: elurra egin du Euskal Herrian; batez ere, Araban eta Bizkaian. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea ere zuritu egin ziren atzo.Adituek diotenez, barikura arte elurra egingo du bertoko bazte...
Iragarpenek hala zioten, eta, azkenean ere, gertatu egin da: elurra egin du Euskal Herrian; batez ere, Araban eta Bizkaian. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea ere zuritu egin ziren atzo.
Adituek diotenez, barikura arte elurra egingo du bertoko bazterretan. Albiste ona da hori elurretan jolastu gura dutenentzat; ez hain ona, ordea, lanera edo ikastera joateko oztopo bilakatzen den horientzat.Paisaia politak izaten dira elurrez betetako inguruak askorentzat, baina ez hain atseginak beste batzuentzat. Ederrago edo itsusiago, azken urteetan ahaztua izan den itxura hartu zuten atzo Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdeko txokoek. Zelaiek, parkeek, zuhaitzek, errepideek, teilatuek, etxeek, lantegiek, ibilgailuek… berezko kolorea galdu zuten, eta horien ordez, zuriz jantzita esnatu ziren.
Bertoko herritar askok lanera joateko zailtasun ugari izan zituzten. Etxean geratu ziren horietako batzuk, eta orduetan Bizkaiko errepideetan geldi egon ziren beste batzuk. Autopistan auto ilara handiak sortu ziren, eta bertoko zenbait errepide ere itxi egin behar izan zituzten tarteka-marteka; Busturialdean, Sollube eta Autzagane mendateak, kasuan kasu.
Zenbait errepide itxita
Halaber, Bermeoko Almika eta Artika auzoetarako errepideak, Kortezubikoa, Ereñotik Lekeitiorakoa eta beste hainbat ere, ibilgailuentzat itxita mantendu zituzten. Berriatuan, bestalde, Milloi auzoan ibiltzeko gurpiletako kateak beharrezkoak izan zituzten gidariek.
Elantxobe, Ea eta Ibarrangeluko herritarrek ere, Gernika-Lumora joateko zailtasunekin topo egin zuten, Muruetaganetik ezin pasatu egon baitziren.
Ondarroa eta Mutriku arteko errepidean ere, hainbat auto harrapatuta geratu ziren, une batez izan bazen ere.
Inguruko hainbat bidetan, gainera, eroritako zuhaitzek traba handia egiten zuten; Ereñon, Foruan, Errigoitin eta Munitibarren, esaterako. Toki horietan zein gainontzekoetan, udaletxeko beharginak lan handia egiten aritu ziren atzo, errepideko oztopoak saihestu asmoz.
Errepidean ez ezik, etxeetan ere nabari izan zituzten herritarrek eguraldi kaxkarraren ondorioak; Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat herritan, esaterako, argindar barik geratu ziren eguneko zenbait unetan.
Hainbat istripu
Auto ilarak, hala ere, ez ziren atzoko oztopo bakarra izan. Izan ere, elurraren ondorioz, hainbat istripu gertatu ziren; Foruan, kasuan kasu. Hainbat autok talka egin zuten bertan.
Gernika-Lumon, gainera, Gurutze Gorriaren parean, auto bat errepidetik atera eta zuhaitz baten aurka talka egin zuen.
Mutrikun, auto batek istripua izan zuen goiko biribilgunearen parean. Aldapan goitik behera zetorrela, autoak irrist egin zion, eta zirkulazio seinalearen aurka jo zuen.
Markina-Xemeinen ere izan zituzten errepideetan arazoak. Urberuaga inguruan, kamioi bat errepidean gurutzatuta geratu zen, irrist egin ostean. Eguerdira arte ibilgailuek ezin izan zuten bertatik igaro.
Autoa hartu beharrean, trenean edota autobusean mugitzeko erabakia hartu zuenik ere izan zen atzo. Tren zerbitzuak, hala ere, atzerapenekin ibili ziren eguneko zenbait ordutan; Muxikako Zugastieta auzoan, adibidez, zuhaitz bat erori zen trenbidera, eta horrek arazoak sortu zituen. Sollube eta Autzagane mendateen itxierak, gainera, autobusen igaroa zaildu zuen.
Askok kalean ibiltzeko zailtasunak ere izan zituzten, eta erorketaren bat edo beste ere gertatu zen. Herritarrak txundituta zeuden atzo, azken urteetan bizi izan duten elurte handienean baitzeuden. Datozen egunetarako kezka ere agertu dute zenbaitek; beste behin ere, etxean geratu beharko dutenaren beldur.