Demikuko martxa otsailaren 15ean egingo dute
Demikuko VIII. mendi martxan parte hartu gura duten horiek, zabalik dute jada izena emateko aukera. Antolatzaileek, gainera, ahal den heinean, azkeneko momentura arte ez uzteko eskatu dute. Aipatu mendi martxa otsailaren 15ean egingo dute aurten, domek...
Aurreko urteetako modura, bi ibilbide izango dira aukeran: 25 kilometroko luzea eta 12 kilometroko laburra. Luzean helduek bakarrik parte hartu ahalko dutela azaldu dute antolatzaileek. Laburrean, berriz, nagusiez gain, umeek ere parte hartzeko aukera daukate: «Batez ere, umeei begira antolatzen dugu ibilbide laburra».
Irteera: Demikuko baseliza
Parte hartzaile guztiek, ibilbide bat zein bestea egin, irteera puntu bera izango dute: Demikuko baseliza. Ordutegia izango da desberdina izango dutena. Hala, ibilbide luzeko parte hartzaileek 08:30ean egon beharko dute Demiku baselizan, laburra egingo dutenek, ostera, 10:00etan daukate hitzordua.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, lekuak mugatuak dira. Ibilbide luzean 300 parte hartzaile bakarrik hartuko dituzte, eta laburrean, berriz, 100. Aurretiaz izena emateko azken eguna otsailaren 7a, zapatua, izango dela zehaztu dute. Ondoren, martxaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, «oraindik lekuak egonez gero».
Izena eman gura dutenek demikumartxa@hotmail.com posta elektronikora bidali beharko dute mezu bat. Mezu horretan izen abizenak, herria, probintzia, NAN zenbakia, gizona ala emakumea den, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo duen zehaztu beharko dute parte hartzaileek.
Autoz ez igoteko eskaera
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko urteetan egin bezala, kontrol mahaia Demikuko baselizan jarriko dute. Horrez gain, jaima bat jarriko dute parte hartzaileek arropak, poltsak edo bestelakoak utzi nahi izanez gero, horretarako lekua izan dezaten.
Bestalde, autoak uzteko egoten den arazoa zein den kontuan izanda, Demiku auzora autoz ez igoteko eskaera egiten dute antolatzaileek: «Bermeotik Demikura kilometro eta erdiko distantzia dago, eta oinez igo daiteke, paseo bat emanez».
Ibilbidea Demikuko baselizan hasi eta Katilotxu, Busturia, Montemoro, Busturia, Paresi eta Sollube zeharkatu ditu, berriz Demikura iritsi eta han amaiera emateko: «Ibilbide guztia seinalatuta egongo da, eta herri babesekoak eta antolatzaileak ere ibiliko dira, inor ez galtzeko».