Martxan dago 11 eta 18 urte bitartekoentzako bertso paper lehiaketa
Hamaikagarren urtez, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak bertso paper lehiaketa antolatu du, eta, besteak beste, «gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzea» du helburu. Lehiaketa horretan 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu de...
Parte hartu gura dutenek maila bitan banatuta egingo dute, eta batean zein bestean izena ematen dutenek martxoaren 6ra arte izango dute beraien bertso paperak aurkezteko aukera. Horiek ikastetxeetan aurkeztu beharko dituzte.
Adinaren arabera banatuta
Hain zuzen, adinaren arabera bereizita parte hartuko dute; 1. mailan 11 eta 14 urte artekoek egingo dute, eta 2. mailan, berriz, 15 eta 18 urte artekoek. Lehenengo mailakoek hiruna bertso aurkeztu beharko dituzte; bigarrenekoek, ordea, gutxienez lau eta gehienez sei.
Neurri eta gaiari dagokionez, bestalde, libreak izango dira, aurreko urteetan modura. Parte hartzeko, hala eta guztiz ere, Bermeon bizitzea edo bertan ikastea ezinbestekoa izango da. Bertso paperak ezizenez sinatuta eta adina adierazita aurkeztu beharko dituzte gazteek euren ikastetxeetan.
Sariak martxoaren 25ean
Bertsolariak izango dira aurten ere epaileak. Bertsoaren kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna baloratuko dituzte.
1. eta 2. mailetako irabazleek sari bana jasoko dute, eta nork bere bertsoa kantatzeko aukera edukiko du, gainera, Nestor Basterretxea aretoan martxoaren 25ean egingo den sari banaketa ekitaldian.
Irabazleen bertsoak, urtero egin ohi duten modura, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratuko dituztela jakinarazi dute.