Buruhandiak konpontzeko tailerra antolatu dute Busturian
Herriko gazteei zuzendutako ikastaroa da eta lau asteburutan egingo dute Otsozulo gaztetxean.
Busturian bost buruhandi dituztela dio Gazteria arloko zinegotzi Miren Zalbidegoitiak: «ziurtasunez ez dakit noiztik dauden buruhandiak Busturian, baina betidanik ezagutu ditugu. Lehen ohikoa izaten zen horiek ikustea». Sasoi batetik egun arte, baina, utzita daudela azaldu du Zalbidegoitiak. Horiek berreskuratu gura dituzte, eta konponketa lanak egiteko tailerra egingo dute.
Lau zapatutan egingo dute tailerra: otsailaren 7an, 21ean, 28an eta martxoaren 7an, hain zuzen ere. «Otsailaren 14rako ere aurreikusita zegoen, baina aratusteak direla eta, gazteek herrian antolatuko diren jardueretan parte hartu ahal izateko, zapatu horretako tailerra martxoaren lehenengo zapatuan egingo dugu», dio Zalbidegoitiak.
Nahiz eta tailerra iragartzen duen kartelean 12 urtetik gorako gazteek parte har dezaketela jartzen duen, Gazteria arloko zinegotziaren arabera, «10 eta 11 urtekoek ere arazo barik parte hartzeko aukera izango dute». Tailerra Axpe auzoko Otsozulo gaztetxean izango da, 17:30eatik 19:30eara.