Berdintasun sarea sustatuko dute Bizkaiko udalerri txikietan
2011. urtean sortu zuten Berdinbidean Bizkaia programa, eta, geroztik, babeserako tresna insitituzional gisa «sendotu» egin dela dio aldundiak. Eta horrek udalerri txikietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politikak abiarazteko balio izan duela gaineratu du. Hain zuzen, gaur egun, Berdinbidean Bizkaia sarea Bizkaiko udalerri txiki guztiek osatzen dute; alegia, 5.000 biztanletik behera dituzten 79 udalerrik.
Udalerri horiek sareari «etekina» aterako diotela deritzo aldundiak; «ez baitute baliabide nahikorik eta babes teknikoa behar baitute berdintasun arloan».
Lan-sare «egonkorra» da aipatutakoa aldundiaren arabera, eta kontsultarako eta aholkularitzarako «zerbitzu iraunkorra» bermatzen du.
Halaber, sare horren bitartez, Bizkaiko udal txiki eta handien arteko lotura sendotzea ere bilatzen dute. Hartara, Bizkaiko udalerri txiki zein handiek aukera izango dute elkarri tokian tokiko esperientzien eta praktika onen berri emateko. Esaterako, aukera izango dute hizkuntza eta irudiez, genero ikuspegiko aurrekontuez, bateratzeaz eta erantzunkidetasunaz edota datu publikoetako sexuaren aldagaiaz aritzeko.
Ildo horretan, orain arte hainbat ekintza burutu dituztela gogorarazi dute. 2012. urtean, esaterako, Jaietan berdintasuna lantzen ekintza jarri zuten martxan, festetan berdintasuna kontuan hartzeko.