Iragarpenek hala zioten, eta, azkenean ere, gertatu egin da: elurra egin du Euskal Herrian; batez ere, Araban eta Bizkaian. Busturialdea ere zuri-zuri esnatu da gaur goizean, eta, badirudi hala jarraituko duela datozen orduetan ere. Paisaia politak izaten dira elurrez betetako inguruak askorentzat, baina ez hain atseginak beste batzuentzat.
Izan ere, Busturialdeko askok eta askok lanera joateko ere zailtasun ugari izan dituzte. Etxean geratu dira horietako batzuk, eta orduetan Bizkaiko errepideetan geldi egon dira beste batzuk. Autopistan auto ilara handiak sortu dira, eta bertoko zenbait errepide ere itxi egin behar izan dituzte. Tren-zerbitzuak, esaterako, atzerapenarekin dabiltzala jakinarazi du Eusko Trenek.
Autzagane tarteka itxita egon da. Goizean goiz Muxika parerainoko auto ilarak egon dira, kotxeen pilaketaren ondorioz. Hala ere, momentu hauetan, arretaz eta tentuz ibili beharra dagoen arren, badirudi pixkanaka-pixkanaka autoak Gernika-Lumotik Zornotzarako bidean eta alderantziz, igarotzen ari direla. Kamioiek, gainera, bertoko errepideetan ibiltzea debekatute dute; momentuz, behintzat.
Sollube mendatea ere, momentu hauetan, ibilgailuentzat erabat itxita dago. Eta Almike eta Artike auzoetarako errepideak ere itxita daudela jakinarazi du Bermeoko Udalak.
Kortezubin ere, errepidea itxita egon da goizean. Ereñoko Udaletik jakinarazi dutenez, hainbat arazo izaten ari dira bertako erreoideetan. Udaleko beharginak herriko ererpideak garbitzen dabiltza; hala ere, “herritarrek herrian ibiltzeko zailtasun ugari” dituztela azaldu dute udaletik. Lekeitiorako bidea, adibidez, itxita omen dago. Errepidean eroritako zuhaitzak ere kentzen dabiltza udaleko langileak, arazoak saihestekotan.
Nabarnizen ere hainbat arazo sortu ditu elurrak. Argindar gabe daude herrian, eta azken urteetan bertaratzea zail izan badute, gaurkoan are zailagoa egiten ari zaie. Bertako sendagilea eta udaletxeko beharginak, esaterako, ezin izan dute Nabarnizera igo. Udaletxeko beharginak errepidea garbitzen ari dira uneoro, kontuan hartuta, elurrak ez duela etenik izan. Bertako herritarrek jakinarazi dutenez, 4×4 autoek baino ezin dute bertara igo
.
Busturian ere, San Bartolomeko auzokideek udaletxean abisua eman dute, errepideak egoera txarrean daudela esanez. Larrazabale eskola parean, esaterako, 10 zentimetroko elur kota dagoela adierazi dute.
Elantxobe, Ea eta Ibarrangeluko herritarrek ere, Gernika-Lumora joateko zailtasunekin topo egin dute; Muruetaganetik ezin pasatu baitabiltza.
Kortezubiko hainbat auzotan (Oman, esaterako) ere arazoak izaten ari dira bertatik ateratzeko edo bertaratzeko. Hala ere, udaletxeko langileak hori konpontzeko lanean dabiltza.
Ereñon ez ezik, beste hainbat herritan ere, zuhaitz ugari erori dira, eta errepideko traba izaten ari dira; Errigoitin, esaterako. Horren ondorioz, bidea itxita dute. Foruan ere, dozena bat zuhatz jausi omen dira. Gaitoka auzoan, adibidez, momentu hauetan ari dira bertan eroritako zuhaitzak errepidetik kentzen, Atxaga baserrira joan ahal izateko. Baldatika auzoan argindar barik egon dira orain arte.
Auto ilarak, hala ere, ez dira gaurko oztopo bakarra izan. Izan ere, eguraldi kaxkarraren ondorioz, hainbat istripu izan dira; Foruan, kasuan kasu. Hainbat autok talka egin dute bertan.
Gernika-Lumon, gainera, Gurutze Gorriaren parean, auto bat errepidetik atera eta zuhaitz baten aurka talka egin du.
Askok kalean ibiltzeko zailtasunak ere izan dituzte, eta erorketaren bat edo beste ere gertatu da. Herritarrak txundituta daude, azken urteetan bizi izan duten elurte handienean baitaude.