Saneamendu obrak amaitzeko aurrekontua lotu du ur partzuergoak
URAgaz hitzarmena sinatu du, eta hiru urteko epean, 49 milioi euro hartuko ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak. Sukarrietako ponpaketa zentroa egingo dute aurtenBusturialdeko ur saneamendu sarea amaitzeko falta diren obrak egitea posible izan dadin, har...
URAgaz hitzarmena sinatu du, eta hiru urteko epean, 49 milioi euro hartuko ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak. Sukarrietako ponpaketa zentroa egingo dute aurten
Busturialdeko ur saneamendu sarea amaitzeko falta diren obrak egitea posible izan dadin, harremanetan egon dira Busturialdeko Ur Partzuergoa eta URA agentzia. Azken hilabeteetan, hitzarmenaren oinarriak zehazten ibili dira, eta, adostasun batera helduta, behin-betiko hitzarmena lotu dute biek. 2015-2017 epean, guztira, 49 milioi euro hartuko ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak, eskualdean falta diren obrak amaitzeko.Hain zuzen, 5 milioi euro hartuko ditu ur partzuergoak 2015. urtean. Partzuergoko presidende Iratxe Arriolak azaldu duenez, Sukarrietako ponpaketa zentroari emango diote lehentasuna. «Izan ere, ponpaketa zentro hori derrigorrezkoa da herrietako urak Lamiaraneraino hel daitezen. Horregatik, lan horiek ahalik eta arinen egin nahi ditugu». 2015. urtea hasita dagoela eta, obra hori egiteko prozesuagaz ahalik-eta lasterren hasi gura dute, gainera: «Behin-betiko hitzarmen hori exekutibak onartu behar du; gero, obra egiteko pleguak prestatu behar dira, publikatu, lanak adjudikatu… Eta 5 milioi euro horiek aurten gastatzeko denboraz eskas ibili gaitezke».
Ponpaketa gunea amaituta, Busturiko urak ere Lamiarango araztegira bideratu ahal izango dituzte. Hala ere, oraindik ur hodi nagusira lotu barik dauden herriak badaude, eta falta direnak lotzeko obrak izango dira 2017. urtera bitartean egingo dituztenak.
Muxika-Busturia
Hain zuzen ere, Busturitik Gernika-Lumorainoko eta Gernika-Lumotik Muxikarainoko saneamendua da oraindik egin barik dagoena. Herri horietako urak Lamiarango araztegira eramateko azpiegitura da falta dena, eta 2016. eta 2017. urteen artean egin beharko dituzte obrak.
Iratxe Arriolak zehaztu duenez, obra horietarako, 18 milioi euro jasoko ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak 2016. urtean. Gainontzeko 26 milioi euroak 2017. urtean jasoko lituzkete.
Komunikazio falta
Barikuan hartu zuen Busturialdeko Ur Partzuergoak URA agentziak bidalitako hitzarmena. Hala ere, beraiei bidali aurretik zenbait komunikabidek hitzarmenaren berri bazeukatela kritikatu du Arriolak. «Komunikazio falta dagoela sentitzen dugu. Izan ere, ez dugu egoki ikusten prentsa lehenestea. URAren gainean egon gara, hitzarmena lotzea beharrezkoa ikusten genuelako», esan du Arriolak. «Busturialdeko Ur Partzuergoa izan da proiektu hau defendatu eta bultzatu izan duena; hitzarmena bera ere, gure adostasunaren fruitua da, eta guk lortu dugu Jaurlaritzak Busturialderako beharrizan hau lehentasun modura identifikatzea». Ur partzuergoak obrak amaitzeko konpromisoa duela gaineratu du.