Hamaikagarren urtez antolatu du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak bertso paper lehiaketa, eta, besteak beste, «gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzea» du helburu. Lehiaketa horretan 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte har dezakete.
Iazko sari banaketa ekitaldian, irabazleetako bat bertsoa botatzen
Lehiaketanparte hartu gura dutenek maila bitan banatuta parte hartuko dute, eta batean zein bestean izena ematen dutenek martxoaren 6ra arte izango dute beraien bertso paperak aurkezteko aukera. Horiek ikastetxeetan aurkeztu beharko dituzte.
Hain zuzen, adinaren arabera bereizita parte hartuko dute; 1. mailan 11 eta 14 urte artekoek egingo dute, eta 2. mailan, berriz, 15 eta 18 urte artekoek. Lehenengo mailakoek hiruna bertso aurkeztu beharko dituzte; bigarrenekoek, ordea, gutxienez, lau eta, gehienez, sei.
Neurriei eta gaiari dagokionez, bestalde, libreak izango dira, aurreko urteen modura. Parte hartzeko, hala ere, Bermeon bizitzea edo bertan ikastea ezinbestekoa izango da. Bertso paperak ezizenez sinatuta eta adina adierazita aurkeztu beharko dituzte norbere ikastetxeetan.
Bertsolariak izango dira aurten ere, epaile lanak egingo dituztenak. Horiek, hain zuzen ere, bertsoaren kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna baloratuko dituzte.
1. eta 2. mailetako irabazleek sari bana jasoko dute, eta nork bere bertsoa kantatzeko aukera izango du Nestor Basterretxea aretoan martxoaren 25ean egingo den sari banaketa ekitaldian. Irabazleen bertsoak, gainera, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratuko dira.