Koordinazio mahaiko partaideak
Genero indarkeriaren aurkako Bermeoko koordinazio mahaia batu egin da eta bilera egin dute. Hain zuzen ere, Bermeon genero indarkeriaren egoeraren azterketa eta jarraipena egin dute. Koordinazio mahai horretan Osakidetzak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Bermeoko Gizarte Ongizateko Patronatuak parte hartzen dute.
2011. urtean jarri zuten martxan genero indarkeriaren aurkako koordinazio mahaia. Ondoren, 2012. urteko martxoan genero indarkeriaren aurkako protokoloa sinatu zuten.
Bermeoko koordinazio mahaiak egin duen bileran argi izan dute, «elkarlana askoz ere eraginkorragoa dela emakumearen aurkako biolentziari aurre egiteko». Horien arabera, asistentzia hobetu egin da, eta baita, deribazioen koordinazioa ere bai. Gainera, baliabideak optimizatu egin direla ondorioztatu du koordinazio mahaiak.
Jakinarazi dutenez, 2014an, Bermeon, emakumearen aurkako biolentziaren 22 kasu erantzuna eman zien mahaia osatzen duten erakundeek. 2013. urtean baino %35 gutxiago, hain zuzen ere.
«Protokoloa eta elkarlana tresna operatiboa eta baliogarria dela uste dugu genero indarkeriaren biktimei arretarik onena emateko eta biolentzia horren aurka egiteko. Horregatik, lanean jarraituko dugu», nabarmendu dute.