Bizkaiko eskubaloi txapelketako finalean bigarren postua eskuratuta, bigarren fasean parte hartzeko aukera lortu zuten Urdaibai Eskubaloi Taldeko kadeteek. Hala, joan den asteburuan, Elgoibarren (Gipuzkoa) neurtu behar izan zituzten indarrak beste hiru taldegaz batera. Horietatik bi galduta eta bakarra irabazita, hurrengo faserako txartela lortzerik ez du izan. Hain zuzen, lau talderen artean hirugarren egitea lortu du bertoko taldeak.
Urdaibaik lehenengo edo bigarren postua eskuratu izan balu, lehenengo aldiz aukera izango luke bertoko taldeak Euskal Ligara ailegatzeko. Hori eginda, hirugarren fase batera igaroko lirateke, bertan, Euskal Ligako bosgarren eta seigarren sailkatuaren aurka lehiatuz. Hori hala izan ez denez, Bizkaiko Kopa lehiatu beharko dute orain, Urdaibai Eskubaloi Taldeko kadeteek.
Barikuan, zapatuan eta domekan, partidu bana jokatu zuten Elgoibarren bildutako lau taldeek. Lehenengo egunean, esaterako, Irungo Bidasoaren aurka jokatu zuen Urdaibaik, eta markagailuan 35-26 bukatu zen partida. Arantza Ruiloba taldeko entrenatzailearen arabera, «makal» zelairatu ziren jokalariak zelaira egun horretan. Partidaren hasieran markagailuan 7-0 ziren atzetik bertokoak, eta, horri buelta ematea oso zaila zela azaldu du Ruilobak.
Hurrengo egunean ere, «loak hartu zien» zelaian bertokoei. Partida osoan markagailuan atzetik izan ziren Urdaibaikoak, eta, azkenean ere, 37-20 galdu zuten. Elgoibarren aurkako partida «gogorra» izan zen egun horretakoa.
Domekan iritsi zitzaien garaipena Busturialdeko jokalariei, Donostiako salleko taldearen aurkako norgehiagokan. Ruilobak azaldu duenez, azken segundoetan erabaki zen partida: 40-30 irabazi zuten bertokoek. Partida osoan aurretik izan baziren ere, partida «orekatua» izan zela aipatu du.
Partida guztiak jokatuta, Elgoibar sailkatu zen guztien artean lehenengo, eta Bidasoa bigarren. Urdaibaik, berriz, hurrengo fasean egoteko aukera izango ez duen arren, «pozik» da bizitako esperientziagaz; horri esker, Bizkaitik kanpoko taldeak ezagutzeko aukera izan dutelako.
Protestarako unea
Asteburuan, gainera, protesta egiteko ere aprobetxatu dute eskubaloi taldeek. Izan ere, Euskal federakuntzak partidak 10:00ak baino lehenago jartzea debekatzen duen arren, 09:15ean jokatu behar izan zuten Bermeokoek Elgoibarren. Hala, lehenengo bi erasoetan, baloia jaurti beharrean lurrean uztea erabaki zuen Urdaibaik, eta, aurkariak, berriz, zelaitik at botatzea.