Gernikak irabazi egin du, eta Bermeoren partida bertan behera geratu da
Gernika Futbol Taldeak play-off postuetan jarraituko du aste bete gehiago, joan den asteburuan garaipena lortu ostean. Hain zuzen, gernikarrek 1-0 hartu zuten menpean Santutxu, Ander Carbonellek sartutako golari esker.
Garaipena lortuta, Gernika hirugarren jarri da, baina Zalla laugarren sailkatuak baino partida bat gehiago jokatu du. Izan ere, Zallaren eta Bermeoren arteko norgehiago bertan behera geratu zen, asteburuko eurite bortitzek eragindako kalteengatik. Kadagua errekak gainezka egin zuen, Zallaren zelaia ondatuz.
Gernikak 42 puntu dauzka. Zallak ere 42 dauzka, baina atzeratutako partida irabaziz gero, hirugarren jarriko litzateke. Beasain bosgarren sailkatuak, bestalde, 40 puntu ditu. Sailkapenaren goikaldera begiratuz gero, Portugalete eta Arenas lehen bi sailkatuak ere ez daude urrun. Hain justu, 46na puntu dituzte.
Bermeo hamaikagarren
Bermeo hamaikagarren sailkatua da ligan, 32 puntugaz. Zallaren kontrako atzeratutako partida irabaziz gero, hala ere, bermeotarrak zortzigarren jarriko lirateke.