Espainiako Kopako sailkapenean, lehenengo postuan jarraitzen du Iskander Kobeagak
Ereñoko Iskander Kobeaga musherrak Espainiako Kopako azken aurreko lasterketa lehiatu zuen atzo, Galiziako Estrada herrian. Irabazlearengandik 5 segundora ailegatuta, bigarren postuan «pozik» bukatu zuen lasterketa bikejoring (bizikletan) modalitatean. Basa askoko lasterketan, «gustura» aritu zen Kobeaga bere txakurragaz. Ahal zuen guztia eman zuela aitortu du, eta txakurra ere fin aritu zela; hala ere, aurkaria «gogorra» zela nabarmendu du. Espainiako Kopako sailkapenean bigarren postuan dagoen musherrari, gainera, beste lau puntuko aldea gehitu dio ereñarrak; hala, gaur gaurkoz, bigarren sailkatua 18 puntura du bertoko musherrak. Espainiako Kopako txapelketa bukatzeko, lasterketa bakarraren falta daude kirolariak. Hain zuzen, Kataluniako Vallgorgina udalerrian izango da azken lehia, otsailaren 14an (16:00etatik aurrera) eta 15ean (09:00etatik aurrera); bertan edukiko du ereñarrak Espainiako Kopako lehenengo postua ziurtatzeko azken aukera.