Maiatzaren 15etik 17ra izango da, hain zuzen, azokaren XXI. edizioa

Bego Gangoiti, Turismo Bulegoko arduraduna, Bittor Agirre Arroyabe enpresako ordezkaria eta Irune Ormaetxea zinegotzia kartel lehiaketaren aurkezpenean
Herritarren parte hartzea sustatu asmoz, Bermeoko kultura eta produktuen erakusleiho den Arrain Azoka iragartzeko kartela, lehiaketa bidez aukeratuko da aurton lehenengoz. Sari bakarra egongo dela aipatu dute, 600 eurokoa.
Jakinarazi dutenez, Arrain Azokaren XXI. edizioa maiatzaren 15etik 17ra izango da. Arrain Azoka “parte hartzaileago” bat lortu gura dute, “herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta horren parte sentitzea”, esan du Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotziak. Horregatik, aurton, Arrain Azoka elkarteak aipatu azoka iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du. Parte hartu gura duten horiek apirilaren 12a izango dute lanok aurkezteko azken eguna. Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira proposamenak.
Umeak eta arraina
Kartelaren gaiak, zelan ez, Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko du. Aurtengo azokaren helburua, gainera, umeak eta arraina izango dela azaldu du Turismo Bulegoko arduradun Bego Gaingoitik: “umeek arraina gustura jan ahal dutela aditzera eman gura da, eta haientzat erakargarriagoa izateko modu gozoan presta daitekeela erakutsi gura da”.
Kartel iragarleak, derrigorrez, testu hau jarri beharko du: “XXI. Arrain Azoka. maiatzaren 15, 16 eta 17an. Bermeo”. Bestalde, aurtengo Arrain Azokaren helburua zein den jakinda, egileak askatasuna izango du bere lanean lelo bat ere txertatzeko.
Formatu bertikaleko lan bat egin beharko dute parte hartzaileek, 68×34 zentimetrokoa, hain zuzen, eta gura duten beste kolore eta teknika erabil ditzakete. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egileek kontuan izan beharko dute kartelean azokaren bost babesleen logoak be agertu beharko direla, eta horretarako, kartelaren beheko aldean 6 zentimetroko barrena utzi beharko dute.
Lana, bestalde, euskarri gogor bati lotuta aurkeztu beharko da. Kartel irabazlea ordenagailuz eginda egongo balitz, irabazleak kartela euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko luke.
Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kidez osatuta egongo da eta apirilaren 13an batuko dira lana aukeratzeko, eta apirilaren 14an jakinaraziko dute Bermeoko Udalaren webgunean. Saria 600 eurokoa izango da eta maiatzaren 15ean Hegaluze Sariko ekitaldian jasoko du irabazleak.
Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, berriz, ikusgai jarriko dituzte Nestor Basterretxea aretoan Arrain Azokaren asteburuan.
Ormatxeak interesa duten herritarrei lehiaketan parte hartzera gonbidatu die, “arrain azoka guztion artean egin gura dugulako”.
“Profesionalagoa”
Bermeoko kontserberetako ordezkariek eta Merkataritza eta Turismo zinegotziak Arrain Azokaren aldeko apustua berretsi dute eta hori “profesionalagoa eta indartsuagoa izateko” urtero ahaleginak egin behar direla adierazi dute. Horregatik, Ormaetxearen arabera, “Arrain Azokako ekimenak ez dira asteburu batera soilik mugatu behar, baizik eta denboran zehar zabaldu beharko lirateke”.
Arrain Azoka “erreferente” izateko, “elkarlana funtsezkoa” dela nabarmendu dute.