Mutriku pailazoz beteko du hurrengo Zubixa Libre! ekimenak
Garai batez geroztik galduta egon diren ohitura zaharrak berreskuratuko ditu jaiak; besteak beste, berdelaren hileta egingo dute otsailaren 17anLaugarren Zubixa Libre! ekimena inauteriekin batera dator. Izan ere, 35/02 auziaren sententziak irten bitart...
Garai batez geroztik galduta egon diren ohitura zaharrak berreskuratuko ditu jaiak; besteak beste, berdelaren hileta egingo dute otsailaren 17an
Laugarren Zubixa Libre! ekimena inauteriekin batera dator. Izan ere, 35/02 auziaren sententziak irten bitartean, Mutrikuko Herriko tabernako kideek tabernari «bizitasuna» ematen jarraitzen dute. «Oraingo honetan inauterietako egitaraua antolatzea bururatu zaigu. Orain urte asko, urtero gai baten inguruan antolatzen ziren inauteriak eta ohitura hori berreskuratu nahi izan dugu, lehen horretan aritzen zirenekin batera», azaldu dute Zubixa Libre! dinamikako kideek.Hainbat ideiari bueltaka ibili eta gero, mutrikuarrek pailazoz janztea erabaki dute. «Hain zuzen ere, Pirritxek eta Porrotxek darabilten mezuarekin bat egiten dute gure filosofiak eta aldarrikapenak. Guk ere koloretako Euskal Herria eta epaiketarik gabeko herri libre bat eraiki nahi dugu».
Porrotxen gonbite eta guzti
Mutrikuarrek otsailaren 14an jai koloretsua eta umorez betea egin nahi dute. Hori dela eta, herritar guztiei pailazo janzteko gonbitea luzatu diete. Porrotxek ere dinamikarekin bat egin du, eta denak festan parte hartzera animatu ditu.
Topaketa eta herrian zehar egingo duten kalejira koloretsuarekin hasiko dute eguna, eta ondoren Beheko Plazan flashmob bat egin eta grabatzeko asmoa agertu dute. Pirritxen eta Porrotxen Eskuetan egingo dute dantzan, eta ahalik-eta jenderik gehien batzea nahi dute.
Egingo duten koreografia ikasteko entseguak egiten hasiak dira jada. «Entseguen ordutegiari dagokionez, jendeari adi egoteko eskatu nahi diogu. Sare sozialen bidez ordutegiak zabaltzen joango gara. Hala ere, entseguetan parte hartu ezin izan duenak ere etortzeko aukera izango du. Dantza erraz-erraza da, eta aurrean egongo direnei jarraituta, zerbait egitea lortuko dugu». Flashmob-a grabatu eta gero, herri bazkaria egingo dute Merkatu Plazan. Bazkaritara joan nahi dutenek otsailaren 12a aurretik eman beharko dute izena Zubixan.
Bestalde, otsailaren 17an beste ohitura bat berreskuratuko dute. Herrian garai batean sardinaren hileta egiten zen, eta aurten berdelaren enterraixua egitea erabaki dute. «Lehen egiten zenaren antzeko zerbait egingo dugu; parodia, kalejira eta guzti».