Rusiak irabazi ditu Akerbeltz gaztetxeko Bertso Olinpiadak
Bertsozalez bete zen gaztetxea bariku gauean gazte asanbladak antolatutako saio berezia ikusteko. Bertso eta kirol ariketak egin behar izan zituzten aldi berean bertsolariekMarkina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako bertsolari txapelketa bereziak b...
Bertsozalez bete zen gaztetxea bariku gauean gazte asanbladak antolatutako saio berezia ikusteko. Bertso eta kirol ariketak egin behar izan zituzten aldi berean bertsolariek
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako bertsolari txapelketa bereziak bertsozalez bete zuen bariku gauean Akerbeltz gaztetxea. 100 lagun bildu ziren lehiaketa aurreko luntxean, eta ateraino egon zen jendea ondorengo bertso saioan.Urtero legez, bertsoak, ikuskizuna eta umore ona izan ziren nagusi gaztetxean. Olinpiadak aukeratu dituzte aurten gai modura, eta entzuleak giroan sartzeko olinpiadetako estadio baten modura apaindu zuten gaztetxea. Irekiera ekitaldia egin zuten hasteko. Olinpiadetako maskotek, Gaztetxemonek eta Akerbeltzek, sua piztu eta hasi ziren Olinpiadak. Herrialde bakoitzak bere parte hartzaileak aurkeztu zituen, ohi duten bezala estadioari buelta emanda, eta USA, Rusia eta Txina taldeetako bertsolariak atera ziren erdira.
Bertsolariek egin beharreko ariketa denek izan zuten lotura kirolagaz. Horrela, bertso maratoia egin zuten, maratoiak irauten duen denbora berean idatzizko bertso bat prestatuz, bizikleta gainean abestu zuten beste bertso bat, eta igeriketa sinkronizatuan bi bertsolarik bertso bera abestu behar izan zuten aldi berean.
Eskrima, zesta-punta, plater tiroa, hesi lasterketa eta gimnastika artistikoa ere egin behar izan zituzten bertsolariek. Bai eta zaldiketa eta xakea ere. Azken horiek buruz buruko probak izan zituzten. Rusia eta USA ailegatu ziren bertara.
Ikusleak parte hartzaile
Ikusleek ere Olinpiadekin bat egiteko, hau da, ikus-entzuleen parte hartzea bultzatzeko, xabalina jaurtiketa ere antolatu zuten asanbladakoek. Hartara, bertsolariek ikusle bat aukeratu zuten publikotik, eta folio orri bat emanda, paperezko hegazkin bat egin eta urrunera bota behar izan zuten.
Proba guztiak eginda, Rusia izan zen garaile, eta bertako bertsolariak igo ziren podiumaren gorenera, amaierako sari banaketan. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatu zituzten parte hartzaileen artean gazte asanbladakoek. Horrela, urrezko dominak Rusia taldeko Eneko Arrate eta Lander Ibarluzea Aitxulua-rentzat izan ziren, zilarrezkoak USA taldeko Nerea Ibarzabal eta Joseba Sololuzerentzat eta brontzezkoak Txina taldeko Jokin Arbe eta Joseba Artzarentzat.
Graxi Arregik gidatu zuen saioa, eta Naroa Loiolak, Ander Txakartegik eta Jone Antsotegik (Komite Internazionalak) egin zituzten epaile lanak.
Oraindik ekimenaren balorazioa egin ez badute ere, izandako erantzun ona ikusita «gustura» agertu dira gazte asanbladako kideak. «Pozgarria da horrelako ekitaldi batean horrenbeste jende batzea», esan dute. Bestalde, ekitaldia antolatzeko egindako talde lana ere azpimarratu dute. «Agertoki gainean batzuk, eta beste horrenbeste edo gehiago daude atzeko partean, soinua, gidoia, oihala eta gehiago antolatzen. Jende asko batu gara ekitaldia aurrera ateratzeko».