Moto gainean eta 19 zenbakiagaz. Hala agertu zen Txomin Arana Ereñoko moto gidaria zapatuan, txaloz hartu zion jende artera; bera lehenengo, eta gainontzekoak atzetik. Moto hotsa eta erregai usaina, konfetiz girotutako herriko plazan.
Iazko euriteetatik ihes, ostarteek hartu zuten nagusitasuna zapatuan. Tenperatura baxuak, gainera, ez ziren aitzakia nahikoa izan Ereñoko plazan bildutakoak etxean geratzeko. Herrikoek bertakoek, eskualdekoek zein ingurukoek egin zuten bat egun horretan Aranari ongi etorri beroa emateko.
12:30ean puntuan, gogotsu zeuden bidearen alde batean zein bestean herritarrak Arana noiz iritsiko zain. Moto urdinaren gainean iritsi zen orduan ereñarra; behetik plazaraino. Eta atzetik jarraitu zioten hainbat eta hainbat motorzalek.
Aurreskua egin zion dantzariak ondoren, eta, udaletxeko balkoira atera zen segidan. Ereñoko alkate Joseba Zarragoikoetxeak eman zion Aranari hitza, eta, azken horrek herriak erakutsitako laguntza eskertzeko aprobetxatu zuen orduan. Bitartean, dozenaka lagun ziren herriko plazatik balkoira begira.
Udaletxeko atetik atera bezain pronto, hainbat umerekin topo egin zuen moto gidariak udaletxeko atarian bertan. Argazkiak eta paperak zituzten eskuetan, Aranaren autografoen zain.
Bazkaritan, 300 bat lagun
Bazkaltzeko ordua ere iritsi zen Ereñoko Arita-Berri jatetxean. Jangela bete zuten Aranaren lagun, familia eta gertukoek, guztira, 300 bat lagun bilduta.
Bazkalostean, sariak jasotzeko unea iritsi zitzaien Roberto Arrieta Pipi mekanikariari eta Aranari berari. Moto gidariaren lagunek egindako bideo emanaldiaren ostean, dantza eginaz igaro zuten gaua musikaren laguntzagaz. Hala jarraitu zuten hainbatek jaialdiari amaiera jarri zioten arte.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.