Maila onean hasi da beteranoen trinketeko esku pilota txapelketa
Telleriak eta Bastidak, Moralek eta Lakak eta Plazaolak eta Navarrok irabazi dituzte txapelketako lehen partidak. Neurketa dotore eta serioak jokatu dituzte pilotariekAurtengo txapelak lortzeko norgehiagoka bizia egongo dela erakutsi dute pilotariek Be...
Telleriak eta Bastidak, Moralek eta Lakak eta Plazaolak eta Navarrok irabazi dituzte txapelketako lehen partidak. Neurketa dotore eta serioak jokatu dituzte pilotariek
Aurtengo txapelak lortzeko norgehiagoka bizia egongo dela erakutsi dute pilotariek Beteranoen trinketeko esku pilota txapelketaren lehen asteburuan. Partida dotore, orekatu eta serioak jokatu dituzte pilotariek.Telleriak eta Bastidak 30 eta 26 irabazi zieten Jaunarena eta Fosterri bariku arratsaldean jokatu zuten partidan. Irabazleak beti aurretik ibili ziren, baina Jaunarena nafarrak bere trebezia erakutsi zuen pilotari efektua emanda. «Irabazleak aurten sasoian daudela erakutsi nahi dute, eta txapelketako faboritoak dira», diote antolatzaileek.
Bi partida domekan
Domeka goizean jokatu ziren txapelketaren lehen asteburuko beste partida biak. Moral eta Laka izan ziren lehenengoan nagusi Beraza eta Etxebarriari 30 eta 22 irabazita. Plazaolak eta Navarrok irabazi zuten, berriz, bigarren norgehiagoka. 30 eta 26 emaitzagaz gainditu zituzten Astigarraga eta Arrate.
Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak orain arte nagusi izan dira Moral eta Lakaren kontra, baina, oraingoan, alderantziz gertatu zen. Laka mendexarra jaun eta jabe izan zen, eta horrelako laguntzagaz ondo moldatu zen Moral lekeitiarra Beraza jokoz kanpo uzteko.
Iurretako Arroitajauregiren ordez jokatu zuen domekan Debako Astigarragak, eta Arrategaz batera partida menderatzen hasi baziren ere, Azkoitiko Plazaolak trinketeari neurria hartu zionean aldatu egin ziren kontuak. Plazaolaren sakeek min handia egin zieten, eta Navarro ere bikain aritu zen. Horrela, garaipena bere egitea lortu zuten.