Aldundiaren enplegu planak 100 lanpostu sortu gura ditu Busturialdean
Eskualderako plan horrek 605.000 euroko aurrekontua izango duela aurreratu du Imanol Pradales diputatuak. EH Bilduren ustez, aldundiaren plana «neurri sorta bat» besterik ez daBusturialderako Enplegu Planaren berri eman du Ekonomiaren Sustapenerako d...
Eskualderako plan horrek 605.000 euroko aurrekontua izango duela aurreratu du Imanol Pradales diputatuak. EH Bilduren ustez, aldundiaren plana «neurri sorta bat» besterik ez da
Busturialderako Enplegu Planaren berri eman du Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Imanol Pradalesek, eta, haren bitartez, 100 lagun inguru laneratzea du helburu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hain zuzen, beraien negozioei bultzada emanez, lan merkatura sartzen lagundu gura die aldundiak.Busturialdeko 20 herrietako alkateei ere azaldu die Pradalesek bere plana. Bi deialditan garatu gura dute, eta, gutxienez, parte hartzaileen %60 autoenplegurako ekimen propioa sortzea izango du xede. Horretarako, udalak eta Behargintza elkarlanean ariko dira. 605.000 euroko aurrekontua edukiko du planak. Autoenplegua sustatzea izango du lehentasuna; batez ere, eskualdean erroldatuta dauden gazteen, langabezian denbora luzea daramatenen eta lan merkatuan berriz sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorakoen artean.
Eredu berri bat helburu
EH Bilduk, baina, ez nahikoak ikusten ditu Pradalesen planak zehaztu dituen neurriak. Horren berri izan orduko urte hasieran, prentsaurrekoa eman zuten Ajangizko alkate Mikel Ander Zubizarretak eta Eako zinegotzi Iratxe Arriolak. Aipatu zutenez, Pradalesen plana «neurri sorta bat baino ez da»; Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren ildo beretik doana. «Pradalesek ez du Busturialdea ezagutzen, eta Garapen Agentzietako koordinatzaileek ez dute Ekonomia Sustatzeko diputatua ezagutzen». Eredu berri bat helburu, Bizkaiak estrategia publiko eta indartsu bat behar duela azpimarratu zuen EH Bilduk.