Argazkia: Gernika KESB
Hamargarren garaipena lortuta, mailaz mantentzeko helburuak ihes egitea ia ezinezkoa da. Mailaz bajatzeko, Gernika-Lumoko neskek ia partida guztiak galdu beharko lituzkete denboraldi amaiera arte, eta azken sailkatuek partida gehienak irabazi beharko lituzkete. Orain arte ikusitakoaren arabera, hortaz, zaila da hori gertatzea.
Gernikarrak, gainera, bosgarren sailkatuak dira. Hala, play-offetako borrokan sartuta daude. Cadi La Seu (Herrialde Katalanak) laugarren sailkatuak zarratzen ditu play-off postuak, eta Gernika Bizkaiak baino garaipen bakar bat gehiago dauka talde katalanak.
Asteburuko garaipena
Rivas Ecopolis taldearen kontra jokatutako neurketa 76-61 irabazi zuten gernikarrek. Etxeko zaleen babespean garaipen ederra lortu zuten. Defentsan zein erasoan ondo moldatu zen Gernika Bizkaia.
Argazkia: Gernika KESB
Lehenengo eta bigarren laurdenak nahiko orekatuak izan ziren. Hurrenez-hurren, 18-14 eta 38-31 amaitu ziren lehen bi laurdenak. Momentu oro, 3 eta 8 puntu arteko errenta izan zuten bertokoek.
Atsedenalditik bueltan, hala ere, partida zeharo apurtu zuen Gernika-Lumoko taldeak. Defentsa bikaina eginez, eta erasoan erabaki onak hartuz, aldea handitu zuten gernikarrek. Hirugarren laurdenaren amaieran 55-41eko emaitza islatzen zuen markagailuak.
Azken laurdenean Gernika Bizkaiak erakustaldia eman zuen. 20 puntuko aldea ere izan zuten zenbait momentutan.