Asteburuan Lagun Onak taldearen kontra berdindu arren, Gernika Futbol Taldeak laugarren postuari eutsi dio. Hain zuzen, partida amaitzeko bost minuturen faltan sartu zuen berdinketaren gola Aimar Cid gernikarrak. Berdinketa lortuta, lehen sailkatuak apur bat gehiago urrundu dira. Play-offetako borrokan sartuta dabiltzan gainontzeko taldeak, bestalde, hurbildu egin zaizkio Gernikari.
Bertokoek 39 puntu dituzte sailkapenean. Berio bosgarren sailkatuak, bestalde, 38 ditu; eta, Beasain seigarren sailkatuak 37. Hala, gernikarrak ezin dira eralaxatu datozen jardunaldietan.
Jardunaldiko ezustekoa bermeotarrek eman zuten. Hain justu, Arenas liderra hartu zuten menpean 1-0. Getxokoek partidaren kontrola izan zuten, baina bermeotarrek ere erasoko jokaldi arriskutsuak egin zituzten. Hala, minuturik gehienetan oreka handia izan zen.
Bermeok eta Arenas gola sartzeko hainbat aukera izan zituzten, baina partidako gol bakarra ez zen 74. minutura arte heldu. Panak sartu zuen bermeotarren gola korner bat aprobetxatuta.
Markagailuan aurretik jarri arren, Bermeok majo sufritu zuen partida irabazteko. 81. minutuan esaterako, epaileak bermeotarren kontrako penaltia eman zuen. Kostaldekoen atezainak, baina, jaurtiketa gelditu zuen, Bermeoko zaleen zoramenareko. Partidako azken minutuetan bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
Garaipena lortuta Bermeo hamargarren jarri da, 32 puntugaz. Datozen jardunaldietan, gainera, postu gehiago aurreratzeko uakera izango dute, aldeak txikiak baitira sailkapenean.