Sahararen aldeko janari bilketa abiarazi du Sahela elkarteak, eskualde osoan
Lea-Artibaiko denda eta ikastetxeetan bilduko dute janaria. Aurten, elkarteak, kontainer handi batean bidaliko du bildutako guztia. Otsailaren erdialdean beteko dute kontainerra«Gure laguntzari esker bizi direnez, aurten ere antolatu beharko dugu Saha...
Lea-Artibaiko denda eta ikastetxeetan bilduko dute janaria. Aurten, elkarteak, kontainer handi batean bidaliko du bildutako guztia. Otsailaren erdialdean beteko dute kontainerra
Urtarrilaren 30era arte bilduko dituzte janariak Markina-Xemeinen. Bekobenta eskola publikoan, Bera Kruz ikastolan eta Eroskin batuko dute janaria. Lekeition, berriz, otsailaren 15era arte luzatu dute epea, eta herriko dendetan eta ikastetxeetan izango dute janaria uzteko aukera.
Urtero legez, herri guztietan egingo da bilketa.
Lea-Artibaiko janari guztia kontainer batean bidaltzea da aurten Sahelaren asmoa. Horrela, janariagaz gainera, joan den urtetik batuta dituzten botikak eta arropak ere bidaliko dituzte, bai eta oinetako protesiak, makuluak eta inkubagailu txiki bat ere. «Kontainerrean sartzeko prestaketa handia egin behar da. Arropak eta ume jaioberrientzako poltsak prest ditugu», azaldu dute Sahelakoek.
Janari bilketaren ondoren, batutakoa ikusita erabakiko dute ze tamainako kontainerra beharko duten, eta kutxak prestatuta, edukiontzia betetzen hasiko dira. «Lekeitioko Eskolapean bildu eta kaxetan prestatuko dugu dena kontainerra kargatzeko», azaldu dute.
Josteko makinak ere bai
Lehen premiazko produktuez gainera, Ispasterko herriak Emakume Proiekturako bidaltzen dituen josteko makinak ere joango dira edukiontzian. Orain dela lau urte hasi ziren makinak erosi, konpondu eta bidaltzen. Lau makina erosi dituzte oraingoan ispastertarrek; Lekeition modura, berriz, makina horretarako olio, jostorratz, oihal eta beharrezkoak bidaliko dira.
Edukiontzia Dajlara bidaliko dute, eta ondoren, handik banatuko dira leku ezberdinetara, behar dituzten produktuak.
Janari bilketagaz gain, Oporrak Bakean programa zabaldu berri dutela jakitera eman dute Sahelakoek. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako elkartasun proiektua da Oporrak Bakean, eta umeen gabeziak hobetzea du helburu. Horrela, Sahelak udan Saharako haurrak bi hilabetez etxean izateko familiak bilatzen ditu.