Hala, batetik, etxe guztietara galdetegi bat bidali du, herritarren ekarpenak jaso asmoz. Bestetik, bihar, Berba eta Kafea ekimena egingo du herriko elkarteekin.
Elkarteen iritziak, balorazioak eta ekarpenak jaso gura ditu Bermeoko EH Bilduk biharko Berba eta Kafea ekimenean. 10:00etan jarri dute hitzordua Bermeoko Kafe Antzokian. Herri programak “herria eta herritarren beharrizanak ditu oinarri” Bermeoko EH Bilduren arabera, horregatik, eragile guztien iritziak jaso gura dituzte bihar: “orain arte egindako lanaren balorazioa, zer hobetu ahal den, zer garatu…”
Berba eta Kafea ekimenean lau arlo garatuko dituzte: Bermeo sozio-ekonomikoki indartzeko ekimenak, bizi kalitatea zelan hobetu, desoreka sozialei aurre egiteko jarduerak eta herritarrak kulturaren parte eta jabe izatea zelan lortu.
Ildo berean, herritar guztiek etxeetan eskuorriak jaso dituzte: “herriagaz dugun konpromisoa berritzeko ezinbestekoa da orain arte egindakoaren gogoeta egin eta programa berri bat sortzea”. Galdetegi honen erantzunak bidaltzeko azken eguna bihar izango da.