Summum post mortem dakar esku artean Bullets of Misery musika taldeak. Hirugarren lana du taldeak; bost abesti barri bildu dituzte; lan laburra da, eta entzuleak aldea nabarituko duela diote.
Summum post mortem disko berriaren aurkezpena urtarrilaren 31n egingo du taldeak. Iparragirre musika elkartean emango du kontzertua, 21:00etan. Ateak ordu erdi lehenago irekiko dituzte, eta txarteldegia ordubete lehenago. Bertan joko dituzte CD labur horrek biltzen dituen bost abestiak, eta diskoa bera ere bertan ipiniko dute salgai. Egun horretatik aurrera, gainera, diskoaren salmenta herriko beste zenbait lekutara ere zabalduko du taldeak. Hain zuzen, Iparragirre musika elkartean ez ezik, Gernika-Lumoko beste zenbait tabernatan ere erosi ahalko da lan berria.
Berritasunak dakartza gernika-Lumoko Bullets of Misery taldeak. Deathcorea, Trashmetala… Musika estiloari fidel, baina oraingoan «gogorrago» datozela onartu du boskoteak. «Kanta berriak egin ditugu, eta gure doinua aldatu egin da aurreko diskoarekin konparatuta; oraingoa gogorragoa da».
Lan berri honen grabazioa eta ekoizpena “nahiko arin” egin dutela onartu dute taldekideek: “Sortutako abesti berriak kalean izatea nahi genuen”. Eta arintasuna izango da, baita, entzuleak nabarituko duena. Disko honetan ez du melodiarik aurkituko; “hala ere, musika aldetik hobekuntza nabaria dela uste dugu”.
Manipulazioari kritika
Soinuarekin bakarrik ez, letrekin ere transmititu egin gura du Bullets of Miseryk. “Biolentzia, gorea… Gure letren bitartez kritika soziala egiten dugu; gaur egun bizi dugun egoerarekin lotutako kritika, hain zuzen”.
Elizari kritika egiten zioten aurreko diskoan –Purificatio per Agone (2013)–, eta manipulazioa izango da Summum post mortem lanean mezuaren ardatza: “Komunikabideen manipulazioa bai, baina beste hainbat arlotan ematen den manipulazioa ere aipatzen dugu; inguruan dugun jende faltsu eta toxikoarena, esaterako”. Diotenez, diskoak batzen dituen bost abestien artean, azkena izan liteke desberdinena: “Pertsonalagoa dela esan daiteke. Pertsona baten pentsamendu ilunak kontatzen ditu, eta horiei aurre nola egiten dien”.
Kontzertuak han eta hemen Ilusioa dute taldekideek, eta baita itxaropena ere, disko berri honek ate berriak zabal diezaizkiekelako. Printzipioz, kontzertu kopuru dexentea dute lotuta. Eta, Esukal Herrian ez ezik, Espainian, Katalunian edota Galizian jotzeko aukera izango du Bullets of Miseryk. “Zerbait berezia izango da; disko berriarekin kanpora joateko aukera izango dugulako”. Ondo pasatzea, esperientzia berriak bizitzea eta kanpoko eszena ezagutzea dute helburu. “Abentura antzeko bat izango da, talde modura lehenengoz aterako baikara Euskal Herritik. Beraz, guretzat gauza berri bat da. Dena den, Euskal Herriko kontzertuetan bilatzen dugun gauza bera bilatu gura dugu kanpoan ere; gure helburuak berberak dira”.
Euskal Herrian ere badituzte lotuta zenbait kontzertu: Arrasaten, Berriatuko gaztetxean, Igorren, Ondarroan… Dena den, Bullets of Misery-ko taldekideak pozik dira Durangoko Plateruenan ospatuko den Euskal Assault festibalean joko dutelako: “Guk lantzen dugun musika estiloko taldeak batzen dituen festibala da, eta mundu zabaleko taldeak batuko dira han. Matxoaren 13an eta 14an izango da, eta guk ere joko dugu”.
Publiko fidela
Beraien publikoa “oso mugatua” da, eta horren konsziente dira. Baina, underground kulturaren barruan ere, beraiek egiten duten musika estiloak jarraitzaileak izan badituela diote: “Badakigu egiten dugun musika oso konkretoa dela, baina gure publikoa fidela da. Kontzertu ezberdinak eman arren, publikoaren artean jende berdina ikusteak ere poztu egiten gaitu, jende horrek jarraitu egiten gaituelako”.
Beraien zuzenekoak, gainera, bereziak izaten dira batzuetan. Zenbait kontzertutan performance bat sartzen baitute tartean. «Antzezleak diren zenbait lagun ditugu, eta antzezpen antzeko bat egin izan dute gure kontzertu batzuetan». Iaz, esaterako, performance gorea antzeztu zuten Bullets of Misery taldearen zenbait zuzenekotan. “Gainera, gure kontzertuak ikustera datozenen gustukoa dela uste dugu”. Hala, aurten ere, zenbait kontzertutan beraien kolaborazioa izatea espero dute.