Bermeo eta inguruetako bizilagunek ederto pasatzeko aukera paregabea izango dute bihar. Kafe Antzokiak bakarrizketa saio umoretsuak hartuko ditu, barre algarak lau haizetara hedatuz. Bakarrizketa saioak 21:30ean hasiko dira. Sarrera aurretiaz erosiz gero, interesatuek bederatzi euro ordaindu behar dituzte. Sarrera lehiatilan bertan erosiz gero, bestalde, hamabi euro.
Bermeoko umore saioan goi mailako komikoek parte hartuko dute. Hain justu, Jose Juan Vaquerok eta Iñaki Urrutiak.
Vaquero 1973an jaiotako komiko gaztelarra da. Bederatzi urte inguru daramatza bakarrizketa saioak egiten, hainbat eta hainbat areto bisitatuz. Gaztelarra Paramount Comedy telebista kateko kolaboratzailea ere bada, eta hainbat saiotan parte hartu du. El Hormigero saioko gidoigilea eta kolaboratzaile ere bada.
Urrutia, bestalde, 1977an jaiotako komikoa da. Aita euskal herritarra izan arren, Herrialde Katalanetan jaio zen, eta Aragoin bizi izan zen gaztaroan.
Egun, eszenako komikorik famatuenetako bat da, eta haren bakarrizketek barre algara ugari eragiten dituzte. Ikusleekin, gainera, hartu-eman zuzena izaten du bere saioetan. Ofizioz komikoa izan arren, bestalde, irratian, telebistan eta antzerkian ere aritzen da Urrutia.