Bihar (urtarrilak 24), Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldearen azken lana ikusteko aukera izango dute Gernika-Lumoko eta inguruetako herritarrek. Arrastoak izenburupean, antzerki taldeak tragedia eta komedia uztartuko ditu, Lizeo Antzokian, 20:30etik aurrera. Lizeoko bazkideek 7,5 euro ordaindu behar dituzte sarrera bakoitzeko, eta gainontzekoek hamar euro.
Obrako aktoreak Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo dira. Protagonistak belaunaldi desberdinen artean dauden lotura ikustezinak azaleratzen saiatuko dira, ikusleengan hausnarketa eragiteko asmoagaz. “Belaunaldi bakoitzak herentzia bat uzten die ondorengoei, eta askatu gabeko korapiloak geratzen dira bidean”.
Antzerkiko protagonista nagusia Lur da. Txikia zenean bere amak etxetik alde egin zuen, eta neskato gaztea ama barik hazi zen. Aita ere etxean gotortuta bizi da. Hala, egunerokotasunari bakar-bakarrik egin behar dio aurre Lur-ek.
Protagonistak ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin; ez bere buruari, ezta aitari ere. Amak alde egin zuen, eta Lur-ek ez du ama ezagutzeko beharrizanik sentitu.
Egun baten, baina, egoera aldatu egiten da. Protagonistaren ama hilik aurkituko dute, eta galderak bor-borka azaleratuko zaizkio.
Galderaz-galdera, denboran atzera egingo du Lur-ek, memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimendu eta munstroei aurre egiteko.