Bermeoko umeek Irati Trebiño ipuin kontalariaren saioagaz gozatzeko aukera izango dute, barikuan (urtarrilak 23). Hain zuzen, Zurrumurru Antzerki Taldeko kideak Mamuak ipuin kontaketa saioa eskainiko du, udal liburutegian, 18:00etan hasita. Ipuin kontalari soraluzetarraren saioa lau urtetik gorako umeei zuzenduta dago, eta 50 minutu inguruko iraupena du. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, sarrera doakoa da, baina 50 lagunek parte hartu dezakete gehienez.
Mamuak ipuin kontaketak umeek eta orokorrean pertsona guztiek izaten dituzten beldurrak lantzen ditu. Beldurrei nola aurre egin eta horiek zelan gainditu azaltzen du Trebiñok, umorea alde batera utzi barik. Izan ere, gazteengana heltzeko umorea oso garrantzitsua da antzerki taldearen ustez. Horregatik, soraluzetarrak bi ipuin dibertigarri dakartza Bermeora.