Zenbait boluntario Amunategin lanean
Aurreko urteetan egin modura, aurten ere, Lurgaia Fundazioak Busturiko Amunategi errekan zuhaitzak landatuko ditu zapatuan, auzolanean.
Amunategi errekaren leheneratze ekologikoa izeneko proiektuaren baitako jarduera dela azaldu dute Lurgaia Fundaziotik.
Zapatuko auzolanean parte hartu gura duten horiek, Busturiko Axpe auzoko elizan egon beharko dute, 09:30ean. Jakinarazi dutenez, handik, oinez abiatuko dira errekara. Egun erdiko jardunaldia izango da, eta zuhaitzak landatzeko beharrezkoa duten material guztia fundazioak jarriko dituela azaldu dute. Parte hartzaileei oinetako egokiak eramatea gomendatzen die; uretako edota mendiko botak, hain zuzen ere.
Fundazioko arduradunen azalpenak entzun ostean, Amunategi errekan leheneratze bidean dagoen eremuaren inguru-kalitatea hobetu asmoz, hainbat jarduera egingo dituzte boluntarioek: «bereziki, bertako zuhaitz eta zuhaixkak aldatuko ditugu. Hala ere, beste zenbait gauza ere egingo dira, esaterako, inguruan dauden espezie inbaditzaileak kenduko ditugu eta pinu eta eukalipto ale batzuei ere azala kenduko diegu».