Kalamendiko erronka, oraindik ere gogoan
Bihar hasi eta domekara bitartean, zabalik egongo da Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak antolatutako argazki erakusketa. 365 argazkitan iaz abiatutako erronka gogora ekarriko dute.Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol ...
Bihar hasi eta domekara bitartean, zabalik egongo da Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak antolatutako argazki erakusketa. 365 argazkitan iaz abiatutako erronka gogora ekarriko dute.
Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak Ondarrutarrak Kalamendira: egunero baietz! erronka biziberrituko dute hurrengo egunetan. Hain zuzen ere, bihar hasi eta domekara bitartean, urte guztian jasotako argazkien inguruko erakusketa egitea erabaki dute Ondarroako udal erakusketa aretoan.Hamabi taula handitan banatuta, 365 argazki ikusteko aukera egongo dela nabarmendu du Iñaki Beitia kirol batzordeko kideak. «Jaso ditugun argazki guztien artean aukeraketa egin behar izan dugu. Erakusketan urteak dituen hilabeteen beste taula ipini ditugu, eta taula bakoitzean hilabeteak izan dituen egun bakoitzeko argazki bat. Hau da, otsailak 28 egun baditu, 28 argazki egongo dira ikusgai. Azken finean, urteko egun bakoitzeko argazki bat ikusi ahal izango da».
Datu orokorrak eta bideoa
Hilabete bakoitza irudikatzen duten taulez gain, kanpainaren inguruko datu orokorrak ikusteko aukera ematen duten beste bi taula daudela iragarri dute antolatzaileek. «Urte guztian batu dugun materiala beste bi tauletan ikusi ahal izango da. Kanpainaren inguruko informazio orokorra erakutsiko dute taulek: datuak, bataz bestekoak…».
Argazkiekin eta datuekin batera, urte guztian jaso diren 2.020 argazkiekin osatutako bideo bat ere proiektatuko dela ere aurreratu dute. «Kanpaina guztian 2.000 argazkitik gora jaso ditugu, eta denak erakusketan ipintzea ezinezkoa izango zen. Denekin bideo txiki bat prestatzea erabaki dugu. Hiru segundotik behin argazki bat proiektatuko dugu aretoko horman».
Kirol batzordeko zein Aurrera Mendi Taldeko kideek herritarrei erakusketa ikustera joatekoa gonbitea luzatu diete. «Anima zaitezte. Bilatu tartetxo bat, eta etorri erakusketa aretora. Ea modu horretan kanpainari amaiera polita ematen diogun».
Erakusketa hurrengo ordutegian egongo da zabalik: eguen, bariku eta zapatuan, 18:30etik 20:30era; domekan, ostera, 12:00etatik 14:00etara.