Etxebarriko Udalak eta URAk uholdeak ekiditeko hitzarmena sinatu dute
Etxebarriko Udalak izango du lanen ardura, eta Uraren Euskal Agentziak diruz lagunduko dio. Erbera kaleko zubia bota eta ahalmen hidrauliko handiagoa duen bat jarriko duteUrkaregi errekak Erbera kalean eragiten duen uholde arriskua saihestea helburu, o...
Etxebarriko Udalak izango du lanen ardura, eta Uraren Euskal Agentziak diruz lagunduko dio. Erbera kaleko zubia bota eta ahalmen hidrauliko handiagoa duen bat jarriko dute
Urkaregi errekak Erbera kalean eragiten duen uholde arriskua saihestea helburu, obra batzuk egingo ditu Etxebarriko Udalak San Andres elizaren parean, Elgoibarrerako bidean dagoen zubian. Lanak aurrera eramateko lankidetza hitzarmen bat sinatu du udalak Uraren Euskal Agentziagaz.Joan den barikuan batu ziren Etxebarriko udaletxean Iñigo Ansola Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea akordioa sinatzeko. «Alde batetik urak hartzeko arriskua ekidin egingo da proiektu honegaz, eta, bestalde, eskolak egiteko proiektua dagoen lursailaren birkalifikazioa egin eta behin edo behin eskolak lur horretan kokatzeko aukera emango digu», azaldu zuen Etxebarriko alkateak.
Udalarentzako obra guzti hori zama handia izango litzatekela ere adierazi zuen Iriondok, eta eskerrak eman zizkion URAri bere parte hartzeagatik.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak azaldu zuenez, uholde arriskuak kudeatzeko plangintza bat zehazten dabil URA azken hiru urteetan, eta plan horrek 2015eko abendurako amaituta egon behar du. Planaren aurkezpena 2014ko abenduaren 30ean egin zuten, eta momentu honetan erakusgai dago.
Hasteko, arrisku gehien zuten guneak identifikatu zituzten. «Batez ere pertsonengan, eta, gero, ondasunen gainean eragina eduki ahal duten 100 uholde gune identifikatu ziren», zehaztu zuen. 100 gune horien barruan kokatzen da bai eta Etxebarria ere. «Etxebarriko Udalak aspaldi eskatu zigun uholdegarritasun hori jaisteko premia zeukala, eta guretzat ere lehentasunezko obra bat da hori», azpimarratu du URA agentziako zuzendariak. Etxebarrian legez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste hainbat lekutan ari dira proiektuak gauzatzen. «Ahalik eta arinen 100 gune arriskutsu horiek kentzea dugu helburu».
Bi zatitan
Etxebarriko Udalak eramango du aurrera lanen proiektua, eta URAk diruz lagunduko dio. Horrela, Uraren agentziak lanen %60 ordainduko du, eta Etxebarriko Udalak beste %40. Guztira, 400 bat mila euroko proiektua izango da, eta obra bi zatitan banatuko da. Lehenengo fasean, Etxebarritik Elgoibarrera joateko bidean dagoen zubia botako dute. Uraldiak daudenean oztopo handia dela ikusten dute, eta, beraz, ahalmen hidrauliko handiagoa duen beste bat jarriko dute haren ordez. Obra zati horrek 267 mila euroko kostua edukiko du.
Bigarren fasean, erreka ingurumen aldetik leheneratuko da. Horretarako ubideratze horma eraitsi egingo dute eta ezponda egonkor bat hondeatuko da. Lan horrek 85 mila euroko kostua edukiko dute.
«Zubia zabalduta eta errekaren leheneratzea eginda ura bere bidetik joango da», azpimarratu du alkateak.
Obrak egiteko agiriak onartuko ditu orain Etxebarriko Udalak, eta lanak otsailaren 26an emango direla jakinarazi dute. Martxoaren hasieran obrekin hastea nahi dute.