Bertoko egurrez egindako babes hesia jarri dute BI-2235 errepidean
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Mundaka arteko errepidean jarri duen babes hesiaren abantaila nagusiena «jasangarritasuna» dela aipatu dute olaia zabalondoBizkaiko Foru Aldundiak 912 metroko luzera duen babes hesia jarri du Bermeo eta Mundaka lotz...
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Mundaka arteko errepidean jarri duen babes hesiaren abantaila nagusiena «jasangarritasuna» dela aipatu dute olaia zabalondo
Bizkaiko Foru Aldundiak 912 metroko luzera duen babes hesia jarri du Bermeo eta Mundaka lotzen dituen BI-2235 errepidean. Hori egiteko, osotasunean, Bizkaiko mendietan jatorria duen egurra erabili dutela jakinarazi dute. Ezarri berri duten sistema horrek, bestalde, errepide horretan egin duten oinezkoentzako bidea babesteko balio duela adierazi dute.Foru Aldundiak nabarmendu duenez, errepide horretan jarri duten babes hesiaren abantaila nagusiena «jasangarritasuna da». Hesirako erabili duten egurra Berriatuko Milloi basokoa dela zehaztu dute, eta modu jasangarri batean kudeatu dutela adierazi dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, egurrak, kasu honetan, beste abantaila bat du, «sistema kokatuta dagoen natura-ingurunean, bisualki atseginagoa ematen duela». Izan ere, hesiaren diseinua egiterako orduan, inguruko ekosistemarekiko harmonia zaindu da, eta eskaera tekniko guztiak bete dira.
Bermeo eta Mundaka lotzen dituen errepidean jarri duten euste-sistemak, bestalde, errepideetarako Europak eskatzen dituen neurriak betetzen ditu: «Gainontzeko sistemen proba berak gainditu ditu, baina inguru honetarako egokiago geratzen da egurrezko sistema hori». Homologazioa lortzeko 1.500 kiloko ibilgailu batekin probak egin dituzte. Hain zuzen ere, ibilgailua 110 kilometro orduko abiaduragaz, hesiaren aurka talka egiten frogatu dute. Jakinarazi dutenez, sistema hori Elorrioko Protec enpresak garatu du.
Egurra «onuragarriagoa»
Bideko segurtasunari dagokionez, egin dituzten probek frogatu egin dute bertoko egurrak eusteko sistema modura ondo funtzionatzen duela. Ingurumena kontuan izanik, bestalde, «jakina da, egurra, beste zenbait material baino onuragarriagoa dela».
Egurrezko euste-sistema hori Urkiola eta Gorbeia natura parkeetarako sarbideetan erabili izan da, bai eta Bizkaiko zenbait biribilgunetan ere. Hala ere, aldundiak azaldutakoaren arabera, «lehenengo aldiz ezarri da ezaugarri hauek dituen errepide batean, hau da, ibilgailu asko ibiltzen den errepide batean eta horren tarte luzean».