Udal azoka inguruak aurpegi berria du. Herriko azokaren seinalaztapena egitea «beharrezkoa» zela ikusita, hormairudi bat margotu dute azoka ondoko eraikinean. Wallart enpresako Aaron Diegok egindako lana «ederra» dela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. «bermeotarron historiaren, izaeraren, nortasunaren eta gure lehenengo sektorearen isla da mural hau».

Bideguren, Diego eta Ormatetxea, gaurko aurkezpenean
Zubiaur Tar Kepa kaleko 24. eraikinean egin duten hormairudiak helburu bikoitza duela zehaztu du Bermeoko alkateak; alde batetik udal azoka biziberritzeko ekimen bat da, eta bestetik, Bermeoko Edertze Planaren baitan kokatu beharreko jarduera ere bada: «Bermeoko sarreran kokatuta dagoen mural ikusgarri honek, herriaren irudia edertzen du eta eta azokaren seinaleztapena artelan baten bidez egitea, erakargarria dela uste dugu», nabarmendu du. Hala ere, seinalaztapena izatez gain, «artelana» ere badela diote, «gure sustraiak erakusten dituena, eta aldi berean, jendea gure merkatura eta herrira erakartzen duena».
Alkateak gogorarazi duenez, udalak azoka biziberritzeko plangintza bat egin du, eta hainbat dira horren baitan martxan jarri dituzten ekimenak; diagnostikoa, aparkalekuak, azoka bereziak eta azokako ordenantza gaurkotu, besteren artean. Azken jarduera, berriz, gaur aurkeztu duten mural «ikusgarria». Era berean, hormairudiak Bermeo edertzen ere laguntzen duela diote, «Bermeoko sarrera bai herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarriagoa eta argitsuagoa da orain».
Jaurlaritzaren diru laguntza
Bestalde, Irune Ormatxea Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu duenez, «Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzak Hirigune 2014 programaren baitan emandako diru laguntzarekin abiatu dugu ekimen hau. Hain zuzen ere, hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa da Jaurlaritzarena».
Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza horrekin, inbertsioaren %82a ordaindu dutela adierazi du Ormaetxeak, gainontzekoa, berriz, Bermeoko Udalak ordaindu duela aipatuta. BEZa barne, 26.317,50 euroko kostua izan du azoka ondoko hormairudiak. Kopuru horretatik, 8.357 euro dira udalak ordaindu behar duena.
Itsasoa eta baserria
Lau pertsona ikus daitezke azoka iragartzen duen hormairudian; bi andre eta bi gizon. Itsasoko zein baserriko bizimodua erakusten saiatu direla aipatu dute, eta emakumearen presentzia izatea «garrantzitsua» zela azaldu du Bidegurenek, «andreek sektore horretan leku garrantzitsua izan baitute».
Wallart enpresako Aaron Diego bilbotarra izan da murala egin duena, eta harek egindako lana eskertu gura izan dute Bidegurenek eta Ormaetxeak: «hasiera batetik ederto ulertu du guk mural honetan islatu gura genuena, gure ideiak, gogoak eta helburuak, eta guztiak oso ondo jaso ditu hormairudian». Eraikineko bizilagunei ere eskerrak eman dizkiete, udalak lan hau egin ahal izateko baimena emateagatik eta trabak ez jartzeagatik.
«Pozik» emaitzarekin
Egindako lanarekin «gustora» agertu da Aaron Diego. Osotasunean berak egin du artelana, hile bateko epean. Diseinua, hala ere, berea ez dela nabarmendu du; «nire lankide Lucia Gonzalez Pintorena da, hain zuzen».
Proiektu «polita» iruditu zaio Diegori, beretzat «erronka berria» zela aipatuta, «orain arte ez nuen horrelakorik egin». Uralitaren gainean margotu du bilbotarrak, eta bidean «hainbat zailtasun aurkitu dituela» dio, hala ere, lan gogorra egin ostean, emaitzarekin «asetuta» dagoela dio artistak.
Horrelako tamaina handiko lanetan, bakarrik lana egitea ez dela ohikoena dio: «lan hau, baina, nik bakarrik egin gura nuen. Nire zati bat utzi gura nuen proiektu honetan. Laguntza eduki banu, artelanaren pertsonalitatea ez zen berdina izango».
Orain, argiztapenean ari dira lanean, azokatik argiztatzeko asmoa dagoela iragarri du Diegok. Oraindik, baina, modurik egokiena zehazten ari direla dio.
Lanean egon den bitartean, jakingura zuten herritar ugari hurbildu direla azaldu du Diegok: «egunero nituen herritarrak galdezka». Horregatik, guzti horiei azalpenak eman asmoz, eta bere lana aurkeztu asmoz, zapatuan, 12:30ean, hormairudiaren aurrean txokolatada egingo duela jakinarazi du, «herritar guztiak daude gonbidatuta».