250 metroko oinezkoentzako ibilbidea bukatu du Jaurlaritzak Barrutia auzoan
Oka itsasadarraren goi-estuarioan azken urteotan egindako lanen barruan, 250 metroko luzeera duen oinezkoentzako ibilbidea egin du Eusko Jaurlaritzak BI-2235 errepidean, Kortezubiko Barrutia auzoan. Horri esker, herritarrek ibilbide zirkularra egiteko aukera dute, bertoko natura eta kultura ondarea ezagutuz.
Oraintsu bukatutako ibilbide horregaz, gainera, goi-estuarioan egindako jarduketa-eremua Gernika-Lumoko eta Arratzuko sareekin lotuko da, oinezkoentzako eta txirrindularientzako 12 kilometrotik gorako bide-sarea osatuz. Ibilbidearen hegoaldeko muturrean, halaber, autobus-geraleku bat jarri du Jaurlaritzak bere autobus-aterpeagaz, «mugikortasun jasangarriagoa bermatu eta bultzatzeko».
Ibilbide hori amaitzeaz gain, beste hainbat lan ere egin ditu Jaurlaritzak goi-esturioko hainbat gune egokitzeko: besteak beste, Atxaga baserria eta itsasadarraren ebakiaren ezkerraldea lotzen zituen bidearen maila igo dute. Gainera, iaz Baldatikan egindako presa txikia ere konpondu dute, eta bertako ibaiaren eta itsasadarraren ebakiaren arteko topaketan egindako hormigoizko zubia txukundu dute.
Aurrerantzean, hala ere, goi-esturioan lanean jarraituko du. Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrera eta herrigunera iritsi ahal izateko, esaterako, oinezkoentzako bide bat baimendu eta gauzatzeko asmoa erakutsi du, eta, horretarako, administrazio-izapideak abiaraziko ditu.
Bestalde, itsasadarraren ebakiaren ezkerraldeko pasealekuaren ipar-muturra eta Muruetako teileria lotzen dituen oinezkoentzako bidea ere egokitu gura du, baina, momentuz, «itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan orain sartutako lurren aurreko jabeek proiektuari aurkeztutako helegitea Ingurumen Ministerioak noiz ebatziko zain» dago.