Piztiak taldearen Internet bidezko diru bilketa kanpaina amaitzear dago
Kanpainan bildutako diruagaz taldeak 'U' izena edukiko duen disko berria finantzatu nahi du. Kanpaina zapatuan amaituko da. Taldea grabaketa estudioan sartuta dagoPiztiak taldearen hurrengo diskoak U izena edukiko du. Diskoa grabatu ahal izateko, baina...
Kanpainan bildutako diruagaz taldeak ‘U’ izena edukiko duen disko berria finantzatu nahi du. Kanpaina zapatuan amaituko da. Taldea grabaketa estudioan sartuta dago
Piztiak taldearen hurrengo diskoak U izena edukiko du. Diskoa grabatu ahal izateko, baina, taldeak Internet bidezko diru bilketa kanpaina masiboa abiarazi zuen; kanpaina zapatuan amaituko da. Ekintza hori crowdfunding izenagaz ere ezagutzen da.1.500 euro biltzeko helburua ipini zuten taldeko kideek. «Izatez, hori gutxieneko helburua da, diskoa grabatzeko diru gehi- ago behar dugu eta», dio Josu Aranbarri taldeko kideak. Eta gutxieneko hori bete egin dute. «Horrek esan nahi du dirua jasoko dugula». Baina diru gehiago lortuz gero, estudioan egun gehiagotan egoteko aukera eta nahasketak eta liburuxka lodiago bat egiteko aukera edukiko du taldeak.
Aranbarrik crowfunding kontzeptua aurretik ezagutzen zuela dio. «Lehenagotik ezagutzen nuen, beste lagun batzuek ere egin dutelako. Parte hartu izan dut dirua ematen, beraz, beste aldean ere egon izan naiz. Orain arte, diskoen salmentetatik eta kontzertuetatik lortu izan dugu hurrengo diskoa finantzatzea. Baina aurrekoagaz, krisia dela eta ez dela, pixka bat herren ibili ginen, eta pentsatu genuen arrantzatu baino lehen arraina saltzea». Izan ere, disko berriko proiektua mahai gainean badute ere, diskoa oraindik egin barik dago; ekoizten ari dira.
Jendeak Internet bidez emandako dirua grabazio estudioaren zati bat ordaintzeko erabiliko dutela dio Aranbarrik. «Guk gure gain hartuko ditugu estudioa eta teknikaria ordaintzeko gastuak. Bai eta edizioa, zabalkundea, materiala eta beti sortzen diren bestelako gastuak ere».
Kanpainan dirua ematen dutenek ere saria edukiko dute. «Gabeko Kalapitxixak erakusketan ikusgai egon ziren artelanak emango dizkiegu. Nireak dira pieza denak. Dena dela, sari gehiago ere egongo dira azken txanpan».
Estudioan sartuta
Kanpainaren martxa ikusita, Piztiak estudiora sartu zen urtarrilaren 2an. «Itsu-itsuan saltoa ematea pentsatu genuen; fidatzen gara».
Taldearen helburua diskoa martxorako kalean egotea da. Eta erronka berriagaz pozik daudela diote. «Sinisten dugu gure lanean, eta uste dugu oso disko ona egingo dugula». U diskoa orain arte egindako lanekin alderatuz gero, pixkat desberdina izango dela diote. «Baina Piztiak garela nabarituko da».
Parte hartzeko bidea
Crowdfunding-a azken egunetan sartuta, herritarrei «proiektu interesgarri» baten parte izan ahal direla esan nahi izan die Aranbarrik. «Animatzea!». Kanpainan parte hartzeko, taldearen webgunean sartu eta kanpainari lotutako argibideak jarraitu beharko dituzte herritarrek.