Barinagako jaiak, jendez lepo
San Anton jaiak ospatu dituzte asteburuan Barinaga auzoan; giro ona eta parte hartze handia izan dira nagusi; jendez gainezka egon zen zapatu gauean frontoi txikia.Antolatzaileek ere espero zutena baino erantzun hobea izan dute aurten Barinagako San An...
San Anton jaiak ospatu dituzte asteburuan Barinaga auzoan; giro ona eta parte hartze handia izan dira nagusi; jendez gainezka egon zen zapatu gauean frontoi txikia.
Antolatzaileek ere espero zutena baino erantzun hobea izan dute aurten Barinagako San Anton jaiek. Ehundik gora lagun batu zituen, esate baterako, zapatu gaueko bertso afariak. «Ustekabeko arrakasta» izan zela azpimarratu dute.Giro ona eta jende asko egon da, beraz, sanantonetan. Ekintza guztiek izan dute, gainera, harrera ona. San Anton Pala Txapelketaren finalekin hasi ziren jaiak, eta bertan ere «parte hartze ona» egon dela jakitera eman dute antolatzaileek.
Denetara, 32 lagunek hartu dute parte palako norgehiagokan. Abendu osoan jokatu dira partidak Itxurritxu elkartearen ondoko frontoi txikian, eta zapatuan geratu zen erabakita norgehiagoka. Txapela, azkenean, Jon Meabasterretxearentzat izan zen. Joseba Plaza, Koldo Arriaga eta Unai Lexaristi geratu ziren bigarren, hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Briska Txapelketak ere erantzun ona eduki du. 24 bikotek hartu dute parte aurtengo jokoan, eta Joxe eta Mari Carmen Egañarentzat izan dira aurtengo txapelak. Patxi Astigarragak eta Nieves Egañak bigarren geratzea lortu zuten; hirugarren, berriz, Mari Carmen Arrate eta Mari Tere Aulestiarte geratu ziren, eta laugarren postua Anita Gisasola eta Nati Gerrikagoitiarentzat izan zen.
Frontoi bete jende
Barinagako frontoia bete-bete egin zen Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolarien saioa entzun eta afari ederragaz gozatzeko. Egunak aurretik saldu ziren txartel guztiak, eta toki txikienik ere ez zen geratu libre azkenerako. Bertsolarien ondoren, Lutxurdixo eta Lajak berotu zuten giroa, beraz, zapatu gauean, ez zen hotzik sentitu Barinagan.
Eguraldiak eutsi egin zuen domeka goizean ere; horrela, 70 ume eta nagusi animatu ziren Barinagako baserri ibilbidea egitera. Eguzkia lagun, Barinagako baserriak eta baserri bideak ezagutzeko aukera eduki zuten.
Urtero modura, jaiei amaiera emanez, janariz betetako orgaren zozketa egin zuten Barinagan. Zenbaki saritua 2.501 izan da, eta ordezkoa, berriz, 2.103.