Atxukaleko hormairudi koloretsuaren zaindariak
Mutrikuko Arte Eskolako kideek Atxukaleko hormairudia egin zutenez geroztik, hainbat aldiz txukundu behar izan dute. Pintaketak, erredurak... denetarik konpondu dute artelagunek zein herritarrek.Udaberrian inauguratu zuten Atxukaleko hormairudia, eta o...
Mutrikuko Arte Eskolako kideek Atxukaleko hormairudia egin zutenez geroztik, hainbat aldiz txukundu behar izan dute. Pintaketak, erredurak… denetarik konpondu dute artelagunek zein herritarrek.
Udaberrian inauguratu zuten Atxukaleko hormairudia, eta orduz geroztik, hainbat kalte eta eraso jasan ditu.Batik bat, pintaketak egin dizkiote artelanari. Partitura dagoen aldea izan da kaltetuena. «Pintura pote zuriarekin joaten gara, eta han ibiltzen gara noizean behin berau konpontzen», azaldu dute Mutriku Arte Eskolako artelagunek.
Horrez gain, beste hainbat tokitan ere pintadekin eta keak belztuta eta erreta ere agertuta dago artelana. Horren guztiaren aurrean, zera diote arte eskolakoek: «Bi katu izango dira, ziurrenik. Holako gogoa baldin badute margotzeko, ez egin hor. Etorri gurekin batera arte eskolara, hemen nahi duzuen beste toki aurkituko duzue margozteko eta adierazi nahi duzuena zabaltzeko».
Artelagunek zapatuan egin zizkioten azken konponketak hormairudiari. Era berean, Arte Eskolako kideez gain, hainbat herritar ere euren kabuz joaten dira hormairudia konpontzera. Horien guztien lana eskertu nahi izan dute artelagunek. «Herrian jende asko dago artelana mantendu nahi duena. Jende horri eskerrak eman nahi dizkiogu. Atxukalen bizi den Pitxurrik, esate baterako, hormairudia kaltetuta ikusten duen bakoitzean pintura pote zuria hartu eta konpontzen ibiltzen da. Bere modura, beste hainbat jende ibiltzen da konponketa lanak egiten».