Parte hartzaileak, Astran, proposamenak lantzen
Gernika-Lumon herri baratzeak sortzeko parte hartze prozesuaren bigarren batzarra egin zuten zapatuan, Astran. Han batutako dozenaka lagunek taldeka landu zituzten proposamenak; gero, denen aurrean azaltzeko. Saioak dinamizatzen ibili den Arkibai Elkartearen laguntzarekin, proiektua bera definituko du orain Gernika-Lumoko Ingurumen sailak. Jose Ramon Bilbao zinegotziak azaldu duenez, “bi aste barru proiektua aurkezteko moduan izatea espero dugu. Gero, parte hartze prozesuan batzen diren herritarren onespena jaso nahiko genuke”.
Bitartean, gainera, herri ortuak hartuko dituen 7.500 metro koadroko lursaila egokitzeko lanak egingo ditu udalak, azpiegitura minimoak bermatzeko. “azterketa topografiko bat egingo dugu; lurra bera zelan dagoen ikusi, ongarririk behar duen jakiteko, partzelatu egin behar da…” Era berean, baratze horiek banatzeko eta horien erabilerarako arautegia prestatzen joango dira, “beste herri batzuetako esperientziak eta ereduak kontuan hartuta”. Osoko bilkurak onartu ostean, udalak arautegia bera martxorako eduki nahi du prest.
Balorazio positiboa
Orain arte egindakoarekin pozik da ingurumen zinegotzia, eta parte hartze prozesuaren balorazio positiboa egin du: “jendearen ekarpenak jasotzen ari gara, gainera, sektore eta adin tarte ezberdinetako jendearen ekarpena izan dugu. Ikuspuntu ezberdinak jaso ditugu, aukerak zabalduz”.