Bermeotarrak asteburuko gol bat ospatzen
Bost jardunaldi zeramatzan Bermeok partidarik irabazi barik, eta bolada txarrari amaiera eman zion taldeak joan den asteburuan. Hain zuzen, bermeotarrek 3-1 hartu zuten menpean Amurrio. 21 jardunaldi jokatu ostean, Bermeo hamabigarren sailkatua da, 29 puntugaz. Garaipenari jarraipena emanez gero, hala ere, kostaldekoek goraka jarraitzeko aukera izango lukete aurrerantzean.
Bermeok joko ona eginez ekin zion Amurrioren kontrako partidari, baina talde arabarra aurreratu zen markagailuan, 14. minutuan. Bermeotarrek berdin jokatzen jarraitu zuten, eta bereala lortu zuen berdinketa. Lehen zatia amaitzeko zortzi minuturen faltan, bestalde, kostaldeko taldeak aurretik jartzea lortu zuen.
Bigarren zatia 2-1eko emaitzagaz hasi zuten bi taldeek. Bermeok ondo eutsi zien Amurriokoen erasoei, eta luzapenean errenta handitzea lortu zuen. Falta jaurtiketa zehatz bategaz sartu zuen hirugarren gola bertoko taldeak.