Aurrekoan baino zortzi postu beherago ailegatu da Arana
Dakarreko aurreko etapan lehenengo 15 onenen artean sailkatzea lortu bazuen ere, postuetan behera egin zuen atzo Txomin Arana Ereñoko moto gidariak; hala, hamargarren etapan baino zortzi postu beherago ailegatu zen helmugara Dakarreko 11. etapan: 23. ...
Aurrekoan modura, atzokoan ere Joan Barreda Espainiako moto gidariak eskuratu zuen Argentinako Cachi eta Termas Rio Hondo lotzen dituen etapako garaipena. 03.26.33ko denbora behar izan zuen Barredak irteeratik helmugarainoko bidea egiteko, eta, Aranak, berriz, 03.41.19, garaileak baino 14 minutu eta 46 segundo gehiago.
Moto gidariek erlojupeko 357 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten atzo, eta, denbora aldetik, azkar bukatu bazuten ere, zenbait zailtasunekin topo egin zuten lasterketan. Ibilbideagaz eta parte hartzaileen denborekin, esaterako, nahasmena sortu zela azaldu dute Gernika Off Road taldeko kideek.
Ereñarrak, gainera, 15 minutuko zigorra jaso zuela jakinarazi du taldeak; izan ere, hamargarren etapan bere ibilgailuaren motorra aldatu beharra eduki zuen, ur-ponparen iraunkortasunaz zalantza baitzuen. Hala, motor berria du, orain, bere Yamaha motoak. Horrekin, baina, kontu handiagoagaz ibili beharko du Dakarra bukatzeko geratzen diren bi etapetan.
Gaur eta bihar lehiatuko da azkenengoz aurtengo Dakarrean Ereñoko gaztea. Hamabigarren etapa izango du aurretik gaurkoan, Termas Rio Hondotik Rosariorainoko bidea eginez, eta bihar bukatuko dute Dakarra. Aurreko egunean utzitako lekutik Argentinako hiriburu Buenos Airesera ailegatzerainoko ibilbidea egin beharko dute.