Astrak aparteko kontzertua hartuko du bihar (urtarrilak 16). Hain zuzen, punk-rock jaialdia antolatu dute Underground Gauen barruan, eta bertan joko du The Kids Belgikako punk talde famatua. The Kids taldeak 77ko punk doinuak lantzen ditu. Hala, musika mota horren zale klasikoenek primeran pasatzeko aukera izango dute.
Taldea 1976an sortu zuten Ludo Marimanek eta De Haes anaiek. Hasieran beste izen bat zuen arren, arrakasta The Kids izenagaz heldu zitzaion hirukoteari, Belgikako punk talde famatuenetako bat bihurtuz. Hamar urteko ibilbidean bost lan luze kaleratu ostean, taldea banatu egin zen. 1996an, baina, The Kids berriro batu zen, ordutik hainbat kontzertu joz.
Gaur egun, Mariman da taldean jarraitzen duen orduko musikari bakarra, baina zuzeneko ikusgarriak izaten ohi dira taldearenak. 2006an taldeak 30 urte bete zituen.
Bi talde gehiago
The Kids-egaz batera, Barakaldoko Tiparrakers eta Bilboko Toni Metralla y los antibalas taldeak ere igoko dira Astrako taula gainera. 21:00ak aldera hasiko da ikuskizuna.