Ahul zegoen, eta ihartu da
28 urte zituen, eta bederatzi eman ditu Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Euskal herritarren eskubideen ikur zenaren ondorengoa zen; haren atzetik, laugarren belaunadia. Udaberrian ipiniko dute berria.Irailean eman zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako presiden...
28 urte zituen, eta bederatzi eman ditu Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Euskal herritarren eskubideen ikur zenaren ondorengoa zen; haren atzetik, laugarren belaunadia. Udaberrian ipiniko dute berria.
Irailean eman zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Madariagak alarma abisua: «Gernikako arbola ahul dago». Udara zen, baina hostoak falta zituen. Udazkena aurreratu zuela azaldu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle titular Miren Duñabeitiak. Haritz gazteak oxigenoa falta zuela argitu zuen, eta, horri aurre egiteko, zenbait neurri hartu zituzten.Alperrik, baina. Atzo eman zuen jakitera Madariagak berak 28 urteko haritz gaztea ihartu egin dela. Bederatzi urte egin ditu Gernika-Lumoko Batzar Etxean; 2005eko otsailean eraman zuten hara. Euskal herritarren eskubideen ikur bilakatu zen haritz zaharraren ondorengoen artean, laugarren belaunaldikoa zen ihartu berri dena.
Haren kimua eramango dute orain Batzar Etxearen atzeko aldera, zegoenaren «anaia». 14 urte ditu Gernikako arbolarentzat gordeta dagoen lekua hartuko duen haritz horrek, eta Arratiako basoetan ari da hazten. Batzar Nagusiek jakitera eman dutenez, udaberrian landatuko dute. Bitartean, zuhaitz gaztetxoari aurrekoak izan dituen arazoak saihesteko neurriak hartuko dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiek. Besteak beste, drainatze lanak egiten ari dira orain Basalaneko beharginak.
Drainatzea
Oxigenorik ez izateak aldaketa fisikoak, kimikoak eta biologikoak eragin zituen haritza landatuta zegoen lurzoruan, eta horiek kalte egin zioten zuhaitzari. Ondorioz, haritza ez zen behar beste hazi. Energia sortzeko gaitasuna gutxitu zuen, sustraietatik elikagaiak eta ura hartzeko gaitasuna oztopatuz. Horrek, arbolaren biziraupena arriskuan jarri zuela aipatu zuen Duñabeitiak irailean. Gaixo zegoen, eta tratamendu eta zaintza bereziak eman zizkioten arren, azkenean ihartu egin da Gernikako arbola. Zuhaitzari drainatzea egiten laguntzeko neurriak hartu zituzten: sustraien inguruko lurra blai zegoen, eta haritzaren sustraien inguruan 1,5 metroko drainatze zuloak egin zituzten, gehiegizko hezetasuna gutxitzeko asmoz. Ubideak ere egin zituzten lur azalean, ur gehiegi zuen lurra aireztatzeko asmoz.
Kontuan izan behar da neurri mugatuak dituen loreontzi batean hazi behar dutela haritzek. Hori dela eta, zuhaitzaren baldintzak hobetu asmoz, loreontzia lekualdatuko dutela azaldu dute Batzar Nagusietako arduradunek, lekua irabazi asmoz.
Biziari utziko dio lekua hildakoak. Haren enborraren zati batek, baina, dagoeneko Euskal Museoan dauka bere lekutxoa.