Portuan deskargatu beharko da arraina, «bazterketak ekiditeko»
Sareetan halabeharrez harrapatutako arrainak gerokoan itsasora ez botatzea ekidin nahi du Europar Batasunak. Antxoari, berdelari eta txitxarroari eragingo die lehenengo neurriakEuropar Batasunak 2015erako hartutako erabakiaren arabera, arrantzatzen dir...
Sareetan halabeharrez harrapatutako arrainak gerokoan itsasora ez botatzea ekidin nahi du Europar Batasunak. Antxoari, berdelari eta txitxarroari eragingo die lehenengo neurriak
Europar Batasunak 2015erako hartutako erabakiaren arabera, arrantzatzen diren arrain guztiak portuan deskargatu beharko dira. Neurri berri horregaz, bazterketak ekidin nahi dituzte. Zehatz esanda, sareetan halabeharrez harrapatutako arrainak gerokoan itsasora bota ez ditzaten lortu nahi du Europar Batasunak.Neurri berriak espezie pelagikoei eragingo die lehenengo eta bat: berdelari, txitxarroari eta antxoari, hain zuzen ere. Neurria urtea sartzeagaz batera indarrean jarri baldin bada ere, beste arrain mota batzuen gaineko neurriak pixkanaka hasiko dira ezartzen. Horretarako, 2019. urtera arteko epea daukate arrantzaleek.
Europar Batasunak ezarritako neurria ez da oraindik martxan ipini Ondarroan. Izan ere, neurri berriaren inguruko informazio gutxi daukate. Gauzak horrela, neurria ezartzea, oraindik ere zaila dela azpimarratu du Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kalare Deunako presidenteak. «Arrantzontzi guztiek ez dute neurri hori ezartzeko agindurik jaso».
Ezin izango da saldu
Bestalde, neurri berriak salbuespenak onartuko dituela iragarri dute; arrantzontziek harrapatzen duten berdelaren eta txitxarroaren %5a eta antxoaren %2a baztertzeko aukera edukiko dute.
Era berean, gutxieneko neurrietara heltzen ez diren arrainen %10a ere baztertzeko aukera egongo da. Hala ere, baztertzen diren arrain txiki horiek ezingo dira saldu; farmaziako edo kosmetikako produktuak, irina edo pentsua egiteko erabiliko dira.
Ondarroan, esate baterako, portuan baztertuko lituzketen arrainak jasotzeko hozkailu handi bat daukate. «Orain arte, lehorrean saltzen ez ziren arrainak hantxe jasotzen ziren. Gerokoan, arrain hori Bermeora bidali izan ohi da irina egiteko. Neurri berri honegaz, printzipioz, itsasoan harrapatu eta baztertzen diren arrainak ere haraxe joan beharko lirateke».