Nesken eta mutilen parte hartzea orekatu gura dute Bermeoko herri lasterketan
Lehenengo aldiz, lekukotasunezko lasterketa antolatu dute adin guztietako emakumeek parte har dezaten; lasterketa nagusiagaz batera abiatuko da, eta kilometro bakarrekoa izango daEmakumeen parte hartzea bultzatu gura dute domekan egitekoa den Bermeoko ...
Lehenengo aldiz, lekukotasunezko lasterketa antolatu dute adin guztietako emakumeek parte har dezaten; lasterketa nagusiagaz batera abiatuko da, eta kilometro bakarrekoa izango da
Emakumeen parte hartzea bultzatu gura dute domekan egitekoa den Bermeoko XI. herri lasterketan; nesken eta mutilen parte hartzea orekatua izan dadin gurako lukete. Hori esan dute Irune Ormaetxea kirol zinegotziak, Itxaro Zabala Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkariak kirol jardueraren aurkezpenean.Berritasunekin dator, gainera. XI. herri lasterketa. Adin guztietako emakumeek «kirol jai» honetan parte hartu ahal izateko, lekukotasunezko lasterketa antolatu dute. Kilometro bateko ibilbidea izango da, eta horren helburua «emakumea Bermeoko herri lasterketan korrika, kirola egiten» ikustea dela azaldu dute.
Iaz 253 pertsona nagusik parte hartu zuten herri lasterketan, horietatik 67 izan ziren emakumeak. Ormaetxeak azaldutakoaren arabera, nesken presentzia, iaz, 2013an baino ia hiru aldiz handiagoa izan zen. «Hala ere, horien parte hartze handiagoa lortzen saiatu behar gara, neskak kalean ikusi behar ditugulako kirola egiten». Bestalde, aurten, herri lasterketan batzen duten dirua herrian emakumeen alde lan egiten duten elkarteen artean banatuko dutela adierazi dute; Erroxape eta Sareginek dira bi talde horiek.
«Kirola guztiona»
Lasterketaren izaera «herrikoia eta soziala» nabarmendu dute beste behin ere antolatzaileek: «Lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea». Bestalde, «kirola federatuen gauza ez ezik, guztiena delako, eta eta kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea delako» herritar guztiak gonbidatu dituzte lasterketan parte hartzera, eta dei berezia egin die oraingoan herriko neskei.
Horrenbestez, aurrekoetan egin modura, bost lasterketa antolatu dituzte. Adin guztietako parte hartzaileak Lameratik abiatuko dira.
Bermeoko XI. herri lasterketan parte hartu gura duten horiek Bermeoko Arane kiroldegian eman beharko dute izena. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, 10:15ak arte. Hala ere, antolatzaileen lana erraztu aldera, aurretiaz izena emateko eskaera egin dute. Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bana ordaindu beharko dute, eta, nagusiek, barriz, euro bina. Izena emateko orduan, korrikalari bakoitzak zenbaki bat jasoko du, lasterketa egunean eramateko.
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar, horretarako gune bat egongo baita. Amaitzerakoan, berriz, parte hartzaileek janari eta edatekoa jasoko dutela esan dute antolatzaileek, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian. Bestalde, aurten, umeen artean, Bermeoprintek 5 euroko 20 bale banatuko ditu.