Tonpoi bidean, zaharren udal egoitza aurreko espaloia leuntzeko Bermeoko Udaleko langileak egiten ari diren lanetan gertatu da gas isuria. Hain zuzen ere, hondeatzailearekin gas hodi bat zulatu dute langileek. Badaezpada, Herri Babesako boluntarioek kale berean dagoen osasun etxea hustu dute. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, “badaezpadako neurria izan da, 10 minutu baino ez dira izan”.
10:00etan izan da isuria eta suhiltzaileak eta hainbat tekniko hurbildu dira isuria gertatutako gunera, berehala lortu dute geratzea, normaltasunera bueltatuz.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Zerbitzu Saileko zinegotziak azaldutakoaren arabera, “isuria konpontzeko gasa bi puntutan moztu behar izan dute, langileak beharrean hasteko. Hala ere, gas zerbitzua ez dugu eten behar izan”. Istripua seinalaztapen “desegoki” batengatik gertatu dela azaldu du Agirrek, “gasa jartzen denean, gas enpresek metalezko xafla batean jartzen dute zein sakoneratan dagoen hoditeria. Kasu honetan, 80 zentimetrotara dagoela jartzen du. Udaleko langileak, berriz, azalean ibili dira, espaloia leuntzeko lanak egiten ari direlako. Hondeatzailearekin zebilen langileak ez zuen uste horren arin aurkituko zuenik, 40 zentimetrotara zegoen. Hortaz, seinalaztapenak ez zeuden behar bezala jarrita”.
Dagoeneko konpondu dute gas isuria eta hoditeria, eta Bermeoko Udaleko langileek espaloia berrizteko lanekin jarraitzen dute.