Berme barik, baina karguekin utzi dute libre Kepa Mantzizidor
Astelehenean atxilotu zituzten hamabi abokatuak kalean dira, Eloy Velasco epaileak deklarazioa hartu ostean. Mintegiaga, Carballido eta Balda kartzelara bidali dituAtzo goizean eraman zuten oraindik Guardia Zibilaren esku ziren zazpi abokatuak Espainia...
Astelehenean atxilotu zituzten hamabi abokatuak kalean dira, Eloy Velasco epaileak deklarazioa hartu ostean. Mintegiaga, Carballido eta Balda kartzelara bidali ditu
Atzo goizean eraman zuten oraindik Guardia Zibilaren esku ziren zazpi abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta, goizean deklaratu zuten guztiek Eloy Velasco epailearen aurrean. Zazpi horien artean, Kepa Mantzizidor mundakarra. Harentzat eta gainontzeko seirentzat 50.000 euroko bermea eskatu zuen fiskalak, bakoitzarentzat, kartzela saihesteko.Eloy Velasko epaileak, baina, bermerik barik aske uzteko agindua eman zuen. Hala ere, auzipetuen kontrako akusazioak mantendu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak. Talde armatuarekin kolaboratzea edo hura laguntzea, dirua zuritzea eta BEZarekin iruzurra egitea egotzi die epaileak abokatuei, besteak beste. Gainera, haien kontrako neurri bereziak agindu ditu. Mantzizidorrek eta gainerakoek Espainiatik ateratzeko debekua dute, eta hilean behin sinatzera joan beharko dute, epaitegira. Gainera, pasaportea kendu diete.
Martitzen arratsaldean deklaratu zuen Herrira-ko langile Nagore San Martin ere karguekin utzi zuen libre epaileak. Herrira-koak izatearen akusaziopean atxilotutako beste hiru euskal herritarrei Javier Carballido, Fran Balda eta Jon Mintegiaga arratsaldean hartu zien deklarazioa Eloy Velasco epaileak, eta hiru horiek kartzeleratzeko agindua eman zuen.
Busturialdea kolpatu du
Asteleheneko polizia operazioaren kontrako erreakzioak ugariak dira oraindik. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LAB sindikatuak, esaterako, mobilizazioak iragarri ditu biharko, eta adi egoteko eskatu die herritarrei. Sindikatuaren arabera, Kepa Mantzizidorren atxiloketarekin eta Gernika-Lumoko Arrano Etxearen miaketarekin, asteleheneko polizia operazioak Busturialdea zuzen-zuzenean kolpatu du. Dioenez, euskal preso politikoak daude Mate operazioaren jomugan: «Prozesuaren kontra erabili nahi dituzte». Era berean, sindikatuak Bilbon dituen egoitzara sartu izana salatu du. «Guardia Zibilak gure egoitzan ikusi behar izan ditugu berriro ere. Sindikatu batera horrela sartzea, bulegoak eta materiala arakatzea eta altzariak apurtzea erregimen zeharo faxistetako jokabidea da. Ezinezkoa da diru horretan deliturik egotea, zapatuan jaso zen. Zeharka ukitu gaitu operazio honek, baina zuzen-zuzenean erasotu gaituztela sentitzen dugu».
Diru bilketa
Sarek antolatuta zapatuan Bilbon egin zen manifestazioan batutako diru guztia eraman zuten LABeko egoitzatik (80.000-90.000 euro artean). «Milaka pertsonen dirua eraman dute». Bueltatzeko eskatu du Sarek, baina epaileen erantzuna heldu bitartean, herritarren elkartasuna beharko dutela esan dute. Kontu bat ireki dute, nork bere ekarpena egin dezan (ES89 3035 0012 77 01201119). Kataluniako CUP alderdiak ere bilketa hasi du euskal herritarrei laguntzeko.
Europako Legebiltzarrera ere heldu da polizia operazioaren salaketa, Sinn Fein eta EH Bilduren ahotik. Jaurlaritzak konfiskatutakoari buruzko azalpenak eskatu ditu.