Aurrekoan baino zortzi postu beherago ailegatu da Txomin Arana gaur
Dakarreko aurreko etapan lehenengo 15 onenen artean sailkatzea lortu bazuen ere, postuetan behera egin du gaur Txomin Arana Ereñoko moto gidariak; hala, hamargarren etapan baino zortzi postu beherago ailegatu da helmugara Dakarreko 11. etapan: 23. postuan, hain zuzen ere.
Aurrekoan bezala, gaur ere Joan Barreda Espainiako moto gidariak eskuratu du Argentinako Cachi eta Termas Rio Hondo lotzen dituen etapako garaipena. 03: 26:33ko denbora behar izan du Barredak irteeratik helmugarainoko bidea egiteko, eta, Aranak, berriz, 03:41:19; garaileak baino 14’eta 46’’ gehiago.
Moto gidariek erlojupeko 357 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute gaur, eta, denbora aldetik, azkar bukatu badute ere, zenbait zailtasunekin topo egin dute lasterketan. Ibilbideagaz eta parte hartzaileen denborekin, esaterako, nahasmena sortu dela azaldu dute Gernika Off Road taldeko kideek.
Ereñarrak, gainera, 15 minutuko zigorra jaso duela jakinarazi du taldeak; izan ere, hamargarren etapan bere ibilgailuaren motorra aldatu beharra eduki zuen, ur-ponparen iraunkortasunaz zalantza baitzuen. Hala, motor berria du, orain, bere Yamaha motoak. Horrekin, baina, kontu handiagoz ibili beharko du Dakarra bukatzeko geratzen diren bi etapetan.
Bihar eta etzi lehiatuko da azkenengoz aurtongo Dakarrean Ereñoko gaztea. Hamabigarren etapa izango du aurretik bihar Termas Rio Hondotik Rosariorainoko bidea eginez, eta etzi, zapatuan bukatuko dute Dakarra, aurreko egunean utzitako lekutik Argentinako hiriburu Buenos Airesera ailegatzeraino.