Arana 15. ailegatu da, aurrekoan baino postu bat beherago
Aurreko etapan 14. postua bereganatuta, postu horretatik atera zen Arana atzo hamargarren etapari ekiteko. Hamalaugarren postua ez, baina 15. postua lortu zuen atzo ereñarrak.Calamatik abiatuta eta Txile atzean utzita, Salta probintzia izan zuen helmu...
Calamatik abiatuta eta Txile atzean utzita, Salta probintzia izan zuen helmuga atzokoan; hain zuzen, Cachi herria. Beste hainbat moto gidarigaz batera, 4.970 bat metrora dagoen Abra del Acay pasabidetik igaro behar izan zuen atzo Busturialdeko pilotuak. Hain zuzen, 04.22.42ko denbora behar izan zuen Aranak bide hori egiteko; lehenengo ailegatu zen Barredak baino 15’31” gehiago, hain justu. Helmugara ailegatu zen lehen Yamaha motoa izan zen Busturialdeko pilotuarena.
Marathoi estilokoa izan zen atzoko etapa ere; hori dela eta, helmugara iritsitakoan parte hartzaileek ez zuten motoa konpontzeko eta eguneratzeko laguntzarik jaso; pilotuen artean moldatu beharra izan zuten horretarako.
Garaiera handietatik
Hasierako 385 kilometroak eginda, erlojupeko tarte osoa (371 kilometro) Argentinako txokoetatik egin behar izan zuten; hasieran, lurrezko pistetan, eta, ondoren, harrizkoetan. Hamargarren etapa aurretik ere gogorra bazen, are gogorragoa egin zuen ibilbideak hartutako garaierak. Izan ere, moto gidariek 3.500 eta 4.500 metro arteko garaiera zuten tokietatik gidatu behar izan zuten.
Hamar etapa burututa, azkenengo hirurak dituzte egiteke Dakarreko auto, moto, quad eta kamioi gidariek. Orain arteko ibilbidea jarraituz gero, lasterketa borobila egingo luke Ereñoko pilotuak. Etapaz etapa eta egunez egun, sailkapen orokorrean goranzko joera hartu du ereñarrak. Hilaren 4an hasi zuen Dakarra Aranak, eta egun horretako etapan 56. postua eskuratzeagaz konformatu behar izan zuen. Azken hiru etapetan, berriz, lehenengo 20 postuen barruan kokatzea lortu du.
Aurrerantzean eta azken hiru etapa horietan, hala ere, gogor ekin beharko dio ereñarrak moto gainean. Aranak Dakar lasterketa sailkapen orokorreko lehenengo hamar postuen barruan bukatuko duela pentsatzen duenik ere bada. Momentuz, behintzat, 11. etapa izango du jokoan. Gaur izango da hori, eta Saltatik Termas Rio Hondorainoko bidea egin beharko du, erlojupean 357 kilometro eginez.