Andoni Etxaniz 'Arriaga' zestalaria erretiratu egin da 21 urte ondoren
Inoizko zestalaririk handienetakoa izan dela eta pilotaren munduan ibilbide ikaragarria egin duela diote adituek. 'Olate' bolibartarrak ere agur esan dio zesta-puntariZesta-puntaren munduan urteetan lorpen asko eduki eta gero, Ziortza-Bolibarko Andoni ...
Inoizko zestalaririk handienetakoa izan dela eta pilotaren munduan ibilbide ikaragarria egin duela diote adituek. ‘Olate’ bolibartarrak ere agur esan dio zesta-puntari
Zesta-puntaren munduan urteetan lorpen asko eduki eta gero, Ziortza-Bolibarko Andoni Etxaniz Arriaga zestalaria erretiratu egin da. «Inoizko zestalaririk handienetakoa» izan dela eta pilotaren munduan «ibilbide ikaragarria» egin duela diote adituek. Halaber, kantxan zein kantxatik kanpo «gizon handia, konprometitua» izan dela gaineratu dute haren kideek.Arriaga bera erretiratzeaz gain, ziortza-bolibartarrak urte askoan lepoan eraman duen elastikoaren zenbakia (24) ere erretiratzea erabaki dute Floridako (AEB) Dania Jai Alaiko arduradunek. «Zenbakia erretiratzeko erabakia bigarren aldiz hartzen dute Jai Alaiko arduradunek. Aurretik, Joey Cornblit Estatu Batuetako inoizko pilotarik onena erretiratu zenean erretiratu zuten zenbakia», gaineratu dute Dania Jai Alaiko arduradunek.
Lorpen handiak
Arriagaren ibilbideari erreparatuz gero, ziortza-bolibartarrak «marka ikaragarriak» lortu dituela diote; errekorrak ere lortu ditu.
1994an Estatu Batuetako Rhode Island estatuan (Newport hirian) debutatu bazuen ere, urte gehienak Floridan (Dania) egin ditu. Hamahiru aldiz irabazi du buruz buruko titulua eta lorpen horiekin errekorra lortu zuen Arriagak. Hiruko Koroa lau aldiz irabazi du, eta Aurrelari Onenaren titulua sei aldiz. Horrez gain, Orlandoko Citruseko Banakako Txapelketa hiru alditan bere egin du, eta binakakoa bi aldiz. Arriagaren lorpenak, baina, haratago doaz: Milford-eko World Series-ak, Frodia Cup-en txapeldunorde titulua, NAJF txapelketako eta 2007ko Munduko Txapelketako bigarren postuak, Markina-Xemeinen Irastorzagaz batera Goikoetxearen eta Enbilen aurka jokatutako «final ikaragarria», Euskadiko Txapelketa…
Irabazi ahal zuen ia guztia irabazi duela eta gustura eta konforme agertu dela diote Arriagaren kideek. Goikoetxeak, esaterako, kantxan eta kantxatik kanpo «makina bat» dela dio. En- bilek, ostera, Arriagaren jarrera eredugarria azpimarratu du. «Gazteek eredu moduan hartu beharko lukete», gaineratu du. Cuvetek eta Praderak ere ez dute ezer esan barik geratu nahi izan: «Handiak erretiratu egiten dira» eta «inoiz Danian jokatu duen pilotari onena izan da», diote, hurrenez hurren.
Arriagak, bere aldetik, gurasoei, lagunei eta zesta-punta munduari eman die eskerrak: «Daukadan guztia gurasoei zor diet lehendabizi, eta zesta-puntari ondoren». Horrez gain, pilotariek erretiratu egin behar dutela gaineratu du, «gazteek lekua izan dezaten». Baina zesta alboratzeak pena ematen diola ere aitortu du.
Halaber, gehien hunkitu den momentua Markina-Xemeinen jokatutako Munduko Txapelketako finalean izan zela aitortu du Arriagak; kantxan malkoak atera zitzaizkion egun bakarra izan zen hura. Daniako pilotarien inguruan, berriz, pilotari gazteak eta maila onekoak daudela dio.
Olatek ere agur esan du
Arriaga ez da erretiratu den bakarra. Izan ere, Aitzol Larruskain Olate ziortza-bolibartarra ere erretiratu egin da. Olatek 1996an egin zuen debuta Milford-en, eta 2002tik Danian aritu da. Urte askoan goiko mailan jokatzen ibili ostean, Olatek ere zesta alboratzea erabaki du.
Oiarbide pilotari beasaindarra ere Ziortza-Bolibarko bi zestalariekin batera erretiratu da, «pilotari berriei debutatzeko aukera zabalduaz».
Daniako frontoian egindako omenaldiagaz agurtu zuten zesta-puntaren mundua hiru pilotariek.