Gernika Bizkaiaren eta Ampo Ordiziaren arteko iazko partida
Bizkaia Gernika errugbi taldeak derbi batekin ekingo dio ligari neguko atsedenaldiaren ostean. Basurdeek, gainera, etxeko zaleen babesa izango dute, Urbietan jokatuko baitute. Hain justu, zapatuan (urtarrilak 17) izango da norgehiagoka, 16:00etan hasita.
Emozioz betetako euskal derbia izango da asteburukoa. Seigarren eta zazpigarren saikatuak dira hurrenez-hurren gernikarrak eta ordiziarrak. Hala, partida orekatua izatea aurreikusten da. Euskal errugbi zaleek, hortaz, ederto pasatzeko aukera izango dute.
Datozen egunetarako, gainera, euria iragarri du Euskalmetek. Hortaz, baliteko zelai basaz beterik egotea. Lokatza basurdeen mesederako izan beharko luke, egoera horretan jokatzera ohituago baitaude.
Bizkaia Gernika ezin da erlaxatu, irabaztea oso garrantzitsua baita sailkapenari erreparatuz gero. Gernika-Lumoko taldea seigarren sailkatua da 27 puntugaz; Ampo Ordiziak, bestalde, 23 ditu. Basurdeek galduz gero, hortaz, ordiziarrek bertoko taldea harrapatuko lukete sailkapenean. Bonus puntua ere lortuz gero, bestalde, Ampo seigarren jarriko litzateke. Sailkapenean atzerago dauden taldeek ere aldea murrizteko aukera izango lukete bertokoek galduz gero.